Gotzone Sagardui: «Osakidetzak kontsulta presentzial gehiago berreskuratuko ditu irailean»

0

Gotzone Sagardui Osasun sailburua elkarrizketatu dute Herri Irratiko «Egunon Bizkaia» saioan, eta, bertan, Osakidetzak irailean Lehen Mailako Arretan kontsulta presentzial gehiago berreskuratuko dituela esan du. «Pazienteek ez ezik, Osakidetzako profesionalek ere eskatzen dute», gaineratu du. Hala ere, Sagarduik azpimarratu duenez, «horrek ez du esan nahi pandemiaren garaian herritarren osasuna zaintzen jarraitzeko oso baliagarria izan den zerbait ahaztuko dugunik, telefono bidezko kontsultak». Lehen Mailako Arretako profesionalei buruz galdetuta, Osasuneko sailburuak onartu du eskaintzen diren plaza guztiak betetzeko zailtasunak daudela, baina Osakidetzak plaza guztiak eskaintzen jarraitzen duela, «ez da kontratatu nahi ez izatearen kontua, espezialitate hori eskuragarri egotearen kontua da». «Profesionalak badaude, kontratatu egingo dugu», azpimarratu du.

Goizeko elkarrizketan, sailburuak txertoari buruzko datuak ere eman ditu: 12 urtetik gorako gizartearen % 89,1ek lehen dosia du, eta % 84,7k, berriz, jarraibide osoa. Hori horrela, aste pare batean xede-populazioaren % 90era iristea espero dute, jarraibide osoarekin. Gotzone Sagarduik, beste behin ere, hitzordua eskatzeko deia egin die txertoa hartu ez dutenei, «beraiengatik eta besteengatik». Datorren irailaren 30ean errendimendu handiko txertaketa-guneak ixteari buruz, sailburuak adierazi du, txertaketa zifrak eta txertatzeke dagoen xede-populazioa kontuan hartuta, baliabideak eta espazioak berrantolatu behar direla. «Txertaketarekin jarraituko dugu, herritarren ezaugarrietara egokituz», azpimarratu du.

Era berean, Osasuneko sailburuak gogorarazi du joan den astean immunogutxitze larriko egoeran zeuden 4.500 pertsonen kolektiboari COVID-19ren aurkako hirugarren indartze-dosia jartzen hasi zirela, eta eskatu dela, halaber, indartze-dosi hori egoiliarren taldeari emateko aukera ebaluatzeko, bai eta etxean dauden adinekoen taldeari ere.

Egoera epidemiologikoari dagokionez, Gotzone Sagardui sailburuak azken bi asteetako bilakaera oso ona izan dela azpimarratu du. «Bide onetik goaz, 100 mila biztanleko 60 kasu irrikatsu hori gero eta gertuago dago, eta gainera, ZIUetan eta gure ospitaleetan geroz  eta paziente gutxiago daude», adierazi du. Zentzu horretan, bosgarren olatuaren atzeraldian gaudela esan du, eta etorkizunari itxaropenez eta ilusioz begiratu behar zaiola, baina beti zuhurtziaz.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez, Osakidetzak prest du gripearen hurrengo kanpaina, eta urriaren erdialdean jakinaraziko dituzte aurtengo txertaketa-kanpainaren ezaugarriak. Sailburuak gogorarazi duenez, gripearen eragina anekdotikoa izan zen iaz, prebentzio neurri zorrotzak zirela eta; ildo horretan, maskarak gripearen kutsagarritasunean eragin positiboa izan zuela azpimarratu du. «Aurten, gripeak nola jokatzen duen ikusi eta eragina aztertu beharko dugu, eta indarrean dauden neurriak kontuan hartu», gaineratu du.