Auzoetarako Partaidetzazko Aurrekontuak jarri ditu martxan Barakaldoko Udalak, 600.000 eurorekin

0

Datorren hastean hasiko da Barakaldo auzoak hobetzeko auzotarren proposamenak biltzen. Gaur goizean aurkeztu dute Barakaldoko alkate Amaia del Campok eta Alkatetzako zinegotzi Gorka Zubiarrek Auzoetarako Partaidetzazko Aurrekontuak martxan jartzeko prozesua, eta horrekin amaituko da joan den azaroan herritarrei koronabirusaren ondorioak gogorren astindutako familia eta sektoreei laguntzeko proposamenak eskatzearekin abiarazi zen partaidetzako egitasmoa. 2,2 milioi dauzkate Partaidetzazko Aurrekontuek bi urtean behin. Lehenengo prozesuan, ordea, 1,6 milioi izan ziren; beraz, oraingoan, 600.000 euro dauzka Udalak herritarrek aurkeztu eta aukeratutako egitasmoak gauzatzeko.

«Koronabirusak eraman gaitu Partaidetzazko Aurrekontuak egokitzera, prozesua bitan banatuz, zati orokorrago bat, herritarrei pandemiaren ondorioak gainditzen laguntzeko, eta beste bat, berriz, auzoak ardatz dituena, hain zuzen ere, orain abian jarriko duguna», azaldu du alkateak.

Oraingoan, auzoa hobetu edo mantentzea xede duten jarduketak aurkez ditzatela eskatuko zaie auzotarrei.  Proposamenek, ordea, ezingo dute 48.000 euroko kopurua gainditu, eta ezingo dira ere udal arloek dagoeneko planifikatutakoen artean egon.

Baldintza horiek betetzen dituzte, esate batera, haur parkeak, berdeguneak eta kale-espaloiak berritu edo egiteko proiektuek, semaforoak jartzekoek, kaleak mutxardatzekoek, aparkatzeko tokiak sortzeko lekuak berritzekoek eta abar.

«Nik beti esan dut, inork ez dituela auzoak bertan bizi direnek baino hobeto ezagutzen. Horregatik uste dut herritarrek parte hartzeko prozesu berri hau aukera ederra izango dutela beren auzoak hobetzen lagundu dezaketen proiektuak guri jakinarazteko», azpimarratu du alkateak, bide batez, barakaldarrei parte har dezatela eskatuz.