Eusko Jaurlaritzak indartu egingo ditu kontrolak gidatzean arreta-galtzeak eragozteko

0

Irailaren 16tik 22ra bitartean Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, areagotu egingo ditu gidatzean arreta-galtzeak eragozteko kontrolak, helburua izanik istripuen eta istripuetan izaten diren hildakoen eta zauritu larrien kopurua murriztea.

Egiaztatuta dago, adibidez, gidatzen ari garen bitartean mugikorra edo nabigatzailea erabiltzeak laukoiztu egiten duela istripua izateko arriskua, eta alkohol gehiegi edanda gidatzearekin pareka daiteke. Bestalde, debekatuta dago gidatzen den bitartean entzungailuak soinu-irakurgailuetara konektatuta izatea, edo Internet, TB, bideo edo DVD hargailuak manipulatzea. Arau-hauste horiek, zirkulatzen den bitartean mugikorra, nabigatzailea edo radar-detektagailuak erabiltzeaK bezala, 200 euroko isuna eta gidabaimeneko 3 puntu galtzea ekar dezakete.

Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariaren esanetan, “guztion erantzukizuna da errepideak seguruagoak izan daitezen lortzea. Mugikorra izaten da arreta-galtze gehien eragiten dituen gailua, eta ibilgailua geldi dagoela bakarrik erabili behar dugu. Aukera ematen duten mugikorretan auto modua aktibatzea gomendatzen da. Bestalde, komenigarria da irratia edo musika zuzenean bolantetik manipulatzea, eta GPSn ibilbidea autoa abian jarri aurretik programatzea, inoiz ez bidaian zehar”.

Arreta-galtzeen ondorioz sarrien gertatzen diren istripuak errepidetik ateratzea, aurrez aurreko talkak, aurreko autoa jotzea edo norbait harrapatzea dira.

Arreta-galtzeak saihesteko kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan daude.