Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Euskaltzaindiak 2021-2024 epealdirako esparru hitzarmena berritu dute

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Euskaltzaindiak 2021-2024 epealdirako esparru hitzarmena berritu dute. Bost erakundeek bosgarrenez sinatu dute hitzarmena, lehenengoa 2000-2004 epealdikoa izan zen. Helburua erakunde sinatzaileen lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzea da. Euskara ikertzeko eta zabaltzeko jardueren ikuspuntu integratu baten barruan, epe ertain eta luzera erronka berriak planteatzea ahalbidetuko du hitzarmenak.

Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilbon, egin den ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendari Lexuri Ugartek, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Xabier Arauzok eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusi Garbiñe Mendizabalek parte hartu dute Andres Urrutia Euskaltzainburuarekin batera.

Bilboko agerraldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitzarmenaren nondik norakoak zehaztu ditu. Zupiriak azaldu duenez, hitzarmenaren helburua “eskuragarri dauden baliabideen kudeaketa optimizatzea eta helburu eta erronka berriak planteatzea da epe ertain eta luzera. Hori guztia, euskara ikertzeko eta zabaltzeko jardueren ikuspuntu integratu baten barruan egingo da, etorkizunera begira”.  Zupiriak azpimarratu duenez, “Euskaltzaindiak XXI. mendeko behar eta premiei erantzuteko apustua egin du eta erakundeok laguntza eman behar diegu. Euskararen sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako Euskaltzaindiak egiten dituen egitasmoak ezinbestekoak dira. Gainera, herritarren eskura jartzen dute egiten duten lana eta hori ere azpimarratzekoa da”.

Arabako Foru Aldunditik Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendari Lexuri Ugartek  nabarmendu duenez, “Euskaltzaindiaren izatea ezinbestekoa da euskaldunok  euskaldun izaten jarrai dezagun, gure hizkuntzaren ezagutza eta erabilera egokia izan dadin bermatzen darrai etengabe eta malguki, denok ulertuko dugun euskara batuan eta tokian tokiko euskalkiei berez dagokien indarra eta izatea azpimarratuz”.

Horregatik, beste behin ere, duela 100 urte baino gehiago hartu genuen konpromisoa berrituko dugu, Lurraldeari proiektu estrategikoetan; toponimian, ikaskuntzan, euskararen sustapenean… laguntzen jarrai dezan”.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Xabier Arauzok “Euskaltzaindiak, 1918an sortu zutenetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa, onespena eta dirulaguntza izan ditu. Eta halaxe izaten jarraituko du. Gaurko ekitaldian balioa eman nahi diogu epe luzeko akordioari, honekin erakunde biek euskararen sustapenean dituzten helburu komunak betetzeko baldintza onetan egongo garela sinesturik. Hitzarmenean zehaztutako konpromisoez gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak babes berezia adierazten dio Euskaltzaindiari, egoitza nagusia den eraikina lagapenean utzita 1985tik” adierazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Garbiñe Mendizabal, “euskararen biziberritze prozesua indar betez hauspotzeko eta bultzada berri bat” emateko beharraz mintzatu da. “Horretarako, ezinbestekoa da arlo eta maila guztietan elkarlana bultzatzea. Herritarron eta herri erakundeon kemena arrasto beretik bideratzeko garaia da eta, zalantzarik gabe, euskararen geroa bermatzeko jardun horretan Euskaltzaindiak funtsezko zeregina betetzen du. Etengabe garai berrietara egokituz, etengabe berrituz, euskaraz sano eta bizi aritzeko eta sortzeko tresnak eta bideak eskaintzen dizkigu akademiak. Ahalegin horretan bidelagun izan nahi dugu», azaldu du Mendizabalek.

Andres Urrutia Euskaltzainburuak gaineratu duenez, “hitzarmen honek berresten du erakundeen arteko elkarlana euskararen alorrean. Izan ere, erakunde aholku-emailea da Euskaltzaindia eta horrek eskatzen du beren-beregiko engaiamendua bere zereginetan. Hori bideratzeko, ezinbestekoa da elkarlana. Beraz, eskerrik asko sinatzaile guztioi eta goazen aurrera! Obrak mintzo!».

Hitzarmena

Hitzarmenaren sinatzaileek Euskaltzaindiak epe ertaineko finantzaketa egonkortzeko eta behar diren ebaluazio eta segimendu mekanismoak ezarri ahal izateko lankidetzan jarraitzearen beharra azpimarratu dute. Horrela “Euskaltzaindiari finantzaketa bermatuko zaio, euskararen gainean dituen arau, kontsulta, ikerketa eta zabalkunde eginkizunak bete ditzan”. Eusko Jaurlaritzak 5.040.000 euroko urte anitzeko dirulaguntza emango dio Euskaltzaindiari, Arabako Foru Aldundiak 400.000 eurokoa, Bizkaikoak 1.420.000 eurokoa eta Gipuzkoakoak 900.800 eurokoa.

Honakoak dira hitzarmenaren helburu nagusiak:

  • Herri-erakunde sinatzaileen eta Euskaltzaindiaren arteko koordinazio-harremanak eta mekanismoak antolatzea.
  • Helburu horiek bermatzeko behar diren lerro estrategikoak eta helburu orokorrak, eta ebaluatzeko mekanismoak ezartzea, alderdi guztiak ados jarrita.
  • Bere helburuak betetzen jarrai dezan, baliabideak ematea Euskaltzaindiari, hitzarmen honetan hartutako konpromisoen arabera.
  • Ikerketa-programen finantzaketa egonkortzea, epe ertainean.
  • Euskaltzaindiaren proiektuen eta batzordeen ikerketa-jarduerak bultzatzea eta areagotzea.
  • Euskaltzaindiak euskara zabaltze eta sozializatze aldera egiten dituen jarduerak sustatzea.
  • Euskaltzaindian, giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa eraginkorra antolatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera bultzatzea, eta komunikazioa bermatzea eta hobetzea erabiltzaileei eskaintzen zaizkien arretari eta zerbitzuei dagokienez.

Hitzarmena sinatzen duten bost erakundeetako ordezkariek Jarraipen Batzorde bat eta Batzorde Tekniko bat osatuko dute eta hauen ardura izango da hitzarmenaren betetze mailaren jarraipena egitea.