Eusko Jaurlaritzak bide-segurtasunaren eta trafikoaren kudeaketaren arloan Euskadi Europan erreferente izateko plan estrategiko bat aurkeztu du

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoa aurkeztu dute gaur. Nazio Batuen Batzar Nagusiak proposatu zituen eta Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasota dauden Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokaturik dagoen dokumentua da. Era berean Eusko Jaurlaritzak onartutako Segurtasun Publikoaren 2025 Plan Estrategikoan sartuta dago, eta 2020ko otsaileko Stockholmeko Adierazpeneko konpromisoen bidea jarraitzen du; bertan planteatzen dira sektore eta erakunde guztien ekintza bateratuak 2050ean trafiko-istripuen ondorioz hildakorik eta zauritu larririk ez izatea lortzeko.

Plan berri honek Eusko Jaurlaritzaren datozen lau urteotarako estrategia markatzen du, Euskadiko errepide-sarea erabiltzen duten pertsonen segurtasunean eta ongizatean laguntzea helburutzat hartuta. Hori lortzeko, hainbat gai landuko dira: bide-segurtasunaren sustapena, trafikoaren arintasuna eta mugikortasun segurua eta jasangarria, prebentzioan, koordinazioan eta erakundeen eta herritarren erantzunkidetasunean oinarrituta.

Helburu zehatz nagusia da istripu-tasa murriztea eta Euskadi Europan erreferentzia izatea bide-segurtasunaren eta trafikoaren kudeaketaren arloan. Zifretan adierazita, istripuetan hildakoak eta zauritu larriak % 50 gutxitu nahi dira 2030erako, 2020ari dagokionez.

Horrez gainera, bide-segurtasunaren eta mugikortasun seguru eta jasangarriaren arloko Eusko Jaurlaritzaren estrategia berriaren oinarrian hainbat printzipio daude, besteak beste, gertutasuna, konfiantza, konpromisoa, lidergoa eta taldea, bilakaera, gardentasuna eta gobernu ona eta zerbitzu-bokazioa. Eta erakunde publiko guztiak eta mugikortasunaren erronkarekin erlazionatuta dagoen sektore pribatua inplikatzen ditu.

Erronkak eta lerro estrategikoak

Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarrirako 2025 Plan Estrategikoak zazpi jarduera-lerro eta horietako ekimen eta ekintza zehatzak zehazten ditu:

  • L1 Trafikoaren eta bide-segurtasunaren kudeaketan aktiboki inplikatuta dauden erakunde eta agentzia guztien arteko koordinazio eta lankidetza mekanismoak finkatzea.
  • L2 Formakuntza, prebentzio eta sentsibilizazio programa zehatzak ezartzea kolektibo zaurgarriekin, esate baterako, motor-gidariekin, txirrindulariekin edo oinezkoekin, jarduteko.
  • L3 Tresna berriak ezartzea bide-segurtasunaren babesa areagotzeko Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren errepideetan.
  • L4 Inteligentziak gidatutako bide-segurtasuneko eredu bat garatzea.
  • L5 Herritarrekin eta gizarte zibilarekin harreman eta topaketarako dinamika sistematiko eta egituratu bat artikulatzea, baita gardentasunerako eta kontuak emateko ere.
  • L6 Mekanismoak eta bideak ezartzea herritarrekiko aldebiko komunikazio zuzena eta efizientea ahalbidetzeko.
  • L7 Pertsona konprometituak, kualifikatuak, partaidetza-zentzua dutenak eta gogobeteak edukitzea.

50 milioi euro

Eusko Jaurlaritzak urtean 12 milioi euro inbertituko ditu planaren ezarpenean 2025era arte, guztira 50 milioitik gora. Diru horrekin trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan beharrezkoa den jauzi teknologikoan aurrera egin ahal izango da, eta aurreikusten da, esate baterako, datozen lau urteotan errepideak seguruagoak izaten lagunduko duten tresna berriak ezarri ahal izango direla. IKT aukera guztiak aprobetxatuko dira errepideak monitorizatzeko.

Alde horretatik, aipatzekoa da ibilgailuak sailkatzeko eta zenbatzeko ekipamendu berriak instalatzeko proiektua (Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren errepideetan). Proiekturako 400.000 euro izendatu dira, eta trafikoari buruzko datuen kalitatea nahiz kopurua hobetzen lagunduko du. Tratamendurako eta analisirako sistema berriak dira, eta trafikoko ohiko ingeniaritza-teknikak erabiliko dituzte, baina baita adimen artifizialean oinarritutako teknika berriak ere. Proiektu honi esker trafikoaren kudeaketaren planifikazioa hobetu ahal izango da.

Datuak

NBEren arabera, 2020 eta 2030 artean 500 milioi hildako eta lesio izango dira trafiko-istripuen ondorioz mundu osoan. Datu horien aurrean, nazioarteko komunitateak istripu-tasa lehen mailako mehatxutzat hartu du pertsonen osotasunerako. Hortik sortu zen “Vision Zero” proposamenaren helburua da 2025era begira zero hildako edo zauritu larri izatea errepideko istripuetan, eta Eusko Jaurlaritzak bere ekintza-planean sartu du proposamen hori.

Euskadin 200 pertsona hil ziren istripuen ondorioz 2000. urtean, eta azken urteotan, batez beste, 40-50 artean hil dira. EBko herrialdeekin alderatuta, Euskadi trafiko-istripuetan hildakoen edo zauritu larrien milioi biztanleko tasarik txikiena duen Europako herrialdeetako bat da: 23 hildako milioi biztanleko. Suedia da Europako zifrarik baxuena duena: 22.

Hildakoak eragiten dituzten istripuen % 70 hiru arrazoi nagusirengatik gertatzen dira: gidatzean arreta galtzeagatik, alkoholaren eta drogen kontsumoagatik eta abiadura desegokiagatik. 5 urtetik 29 urtera bitarteko neska-mutilen eta gazteen heriotzaren arrazoi nagusia dira.

Berdintasunezko plana eta parte-hartzailea

Eusko Jaurlaritzak genero-ikuspegia kontuan izanda landu du plan hau. Bestalde, parte-hartze handia izan du plana gauzatzeko prozesuak, eta arlo publikoko eta pribatuko hainbat erakunderen ekarpenekin eta laguntzarekin osatu da: trafiko-istripuen biktimak, Bide Segurtasuneko Fiskaltza, Ertzaintzako Trafikoko Lurralde Unitateak eta Trafikoko Buruzagitza Nagusia, Gazteria Zuzendaritza, Berdintasun atala, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), etab.

Gainera, ezartzen joango diren politika publikoak ebaluatzeko sistema ere aurreikusten du planak. Horrez gainera, hainbat adierazle dituen Aginte Koadro bat du, eta horietatik abiatuta egingo dira dagokion jarraipena, analisia eta ebaluazioa.