Onartu egin ditu Barakaldoko Osoko Bilkurak Sefanitroko plana eta Bilbao Ría 2000ekin Urban-Galindo osatzeko akordioa

0
PRUEBA

Gaur arratsaldean onartu du Barakaldoko Osoko Bilkurak Sefanitroko plana eta Bilbao Ría 2000ekin proiektua osatzeko akordioa. Ekimen horien bitartez, 90eko hamarkadaren amaieran hasitako hiri-eraldaketari segida emango zaiola adierazi du Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok.

Zehazki, Sefanitroko proiektuak «behin betiko bultzada emango dio Lutxanaren berrikuntza integralari eta Barakaldorekiko lotura hobetzeari», eta Ría 2000rekin hitzartutako akordioak, berriz, «Urban-Galindo plana osatuko du».

Urban-Galindo duela 25 urte ernamuindu zela gogorarazi du Pizarroak, orduko alkate Carlos Perak eta beste erakunde batzuek, Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak alegia, sinatutako hitzarmenari esker. «Burutzear da auzo berri honen aldaketa.  Gure hiria Itsasadarretik urruntzen zuten Bizkaiko Labe Garaien lur industrialen ordez aisialdi eta atsedenaldirako berdegune zabalak sortu dira ibaiaren ertzean, bai eta etorbide eta etxebizitza berriak, enpresa-parke bat, eta kirol zerbitzu eta ekipamenduak ere: futbol zelaia eta kiroldegia», adierazi du.

Hitzarmen berriak Urban plana burutzeko Bilbao Ría 2000ek garatuko dituen jarduketak biltzen ditu.  Horien artean, honako hauek nabarmendu ditu Juan Antonio Pizarrok: «Ibaiertzeko parke bat eraikitzea eta itsasadarraren aurrealdea urbanizatzea, Pormetxeta Plazan zenbait hobekuntza egitea, Sestaorekin lotzen duen zubitik hurbilen dauden kaiak berroneratzeko lanak eta Karmen kalea eta eraikitzeko dauden lursailak urbanizatzea».

«Akordioaren bidez, beraz, Barakaldoko beheko aldearen garapena burutuko da. Alkate sozialista batek ekin zion hori guztia garatzeari, eta oso emankorra izan da, Itsasadarra hurbildu baitugu hirira eta herritarrengana», azpimarratu du Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa arloko zinegotziak.

Sefanitroko planaren inguruan, Pizarrok gogoratu du duela urte batzuk Sefanitro eta Rontealdeko lantegi ohiak zeudela han.

Barakaldo grisez tindatzeaz gainera, Lutxana eta Barakaldo arteko langa fisikoa ziren instalazio haiek. «Gaur onartu dugun planaren bidez, inguru hori berreskuratuko dugu, bai eta hobetuko ere Barakaldoren hiri-hezurdura. Tamalez, autobideak langa izaten jarraituko du», azaldu du.

BERDEGUNEAK, TURISMO INDUSTRIALA ETA SARBIDE HOBEAK
Planak, azkenean, hainbat hobekuntza bildu ditu; horien artean nabarmentzekoa da Tun-Tun mendiaren paisaia lehengoratzea, 71.000 metro koadrotik gorako parke bihurtzeko.  Parkea sortzean, hirigintza-eragiketa honen bidez beste 2.000 zuhaitz gehiago izango dira, bai eta 1.300 etxebizitza eraikitzeko aurreikuspena ere Ildo horretan, eskuratzeko moduko etxebizitzaren aldeko apustua egin da, Babes Ofizialeko 700 pisurekin.

Etorkizuneko Sefanitrok  ekipamendu publikoen gune bat ere izango da, herritarrei arreta emateko gizarte-, kultura-, kirol- eta administrazio-zerbitzuz hornitzeko auzoa.

Plan horretan, Sefanitroko zama-tokia berreskuratzea ere jasotzen da, Eusko Jaurlaritzak espediente bat abiarazi ondoren Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartzeko.  Pizarroren ustez, «gure ondarea berreskuratzea pizgarria izango da Barakaldok turismo industrialaren aldeko apustua egin dezan, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila  ari da gai horretan lanean».

Berrikuntzen artean nabarmentzekoak dira bi zubibide berriren eraikitzea autobideko Barakaldorako irteera Arrontegiko zubitik hobetzeko eta Lutxana eta hirigune barakaldarraren arteko oinezkoentzako lotura hobetzeko.