Iñigo Urkullu Lehendakariak, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun, UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen 2021-2022 ikasturteari hasiera eman dio. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta, ondoren, irekitze-hitzaldia irakurri da Albert Fert Fisikako Nobel saridun eta EHUko irakaslearen eskutik. Jarraian, pandemiaren dela eta, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak egindako lana eta erakutsitako konpromisoa aitortu dizkie hezkuntzaren arloko profesionalei. Ekitaldia Lehendakariaren hitzaldiarekin amaitu da, Euskal Herriko Unibertsitatean ikasturteari hasiera emanez.
Gaur, pandemiak eragindako hirugarren ikasturtea hasten den honetan, beste ahalegin bat eskatu du Lehendakariak, “hobe gaude, baina zuhurtzia mantendu behar dugu, erantzukizunez eta profesionaltasunez gaindituko dugu pandemia”. Horrela, 18 hilabete hauetan unibertsitate-komunitateak balioak, ezagutza eta ikerketa gizartearen zerbitzura jartzeko egindako lana eskertu du. “Unibertsitatearen jarrera bikaina izan da. Lan talde osoari gure esker ona”, gaineratu du.
Lehendakariak azpimarratu du, bizitzako arlo guztietan eragina izan duen pandemia honen erdian, ikasgelak irekita mantentzea eta aurrez-aurreko hezkuntza «atseden soziala» izan direla. Zentzu honetan, ikasturte honetarako helburu zehatz bat planteatu du: %100eko aurrez-aurreko irakaskuntza bermatzea.
Bere hitzaldian, Lehendakariak unibertsitatearen, erakundeen, enpresa-munduaren eta gizarte osoaren arteko lankidetza-eredua sustatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du, Euskal Unibertsitate Sistemaren 2025 Plan berriaren lehentasunei heltzeko: bikaintasuneko hezkuntza, berrikuntza, ikerketa eta transferentzia, nazioartekotzea eta balioak. Bereziki, bikaintasunaren eta ikerketaren aldeko apustua nabarmendu du, izan ere, ezagutza bultzatzea lehentasun bat da eta ikerkuntza indartzea helburu nagusi bat. Zentzu honetan, gogorarazi du, aurreko astean Gobernu Kontseiluan inoiz egin den ekarpen handiena egitea adostu zela Unibertsitateko bikaintasunezko ikerkuntza bultzatzeko. Deialdi hau 250 bikaintasunezko taldeei zuzentzen zaie eta, honen bidez, 3.700 ikerlarien lana sustatzen da. Guztira 42 miloi euroko inbertsioa egingo dugu datozen lau urtetan. Bi helburu nabarmentzen dira: emakumearen lidergoa eta ikerkuntza taldeen iraunkortasuna.
Bestalde, eta unibertsitatearen potentzialari erreferentzia eginez, Lehendakariak adierazi du aste honetan bertan Espainiako Gobernuari planteatu diotela etorkizuneko funtsezko gaietan aurrera egitea ahalbidetuko duen arau-garapena adosteko beharra: plantillen diseinua, ikasleen onarpena zehazteko gaitasuna, Euroeskualdeko lankidetza, bikaintasuneko talentua erakartzeko programak, unibertsitate-prestakuntza duala, gure kalitate-agentziaren ebaluazioa edo finantzaketa-eredua, besteak beste. «Euskal Unibertsitatea erreferentea da, eta gure helburua da, gure eskumenen esparruan, gai hauen garapena bermatzea«, adierazi du.
Gipuzkoako Campusean izan da ekitaldia, eta bertan izan dira Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxaso, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano, eta Donostiako Alkate Eneko Goia.
Eskaintza akademikoa UPV/EHU
Orotara, 35.000 ikasle inguruk 2021-2022 ikasturte honetan Euskal Herriko Unibertsitateak eskainitako 103 graduetako bat egingo dute. Hamaika gradutan unibertsitate-enpresa prestakuntza duala eskainiko da; UPV/EHU aitzindaria da modalitate horretan, non graduko ikasketak egin daitezkeen enpresa batean edo gizarte erakunde batean, alderdi praktiko nabarmen batekin. Era berean, graduko nazioarteko titulu bikoitzak hogeita hamarrera iritsi dira; baterako prestakuntza programa horietan, ikasleek graduko bi titulu lor ditzakete, bat UPV/EHUn eta bestea dagokion atzerriko unibertsitatean.
Graduondokoei dagokienez,ikasturte honetan, UPV/EHUk 108 unibertsitate master eskaintzen ditu; horietako zortzi Erasmus Mundus master bateratuak dira; eta, era berean, berezko 65 master eta graduondoko ditu, eta horien artean, 12 titulu berriak.