Christian Kerez, Carme Pinós eta Óscar Tusquets bezalako nazioarteko erreferenteak izango dira Mugak/ bienalaren hirugarren edizioaren protagonistak

0
PRUEBA

Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalak estatuko eta nazioarteko izen ezagunenetako batzuk erakarriko ditu berriz bere hirugarren edizioan. ‘Ondarea eta Modernitatea’ izenpean, 2021eko azaro osoan zehar ospatuko da zita arkitektonikoa. Hilabete horretan, nazioartean garrantzia duten arkitektoak Mugak/ bienalaren parte izango dira, hiritar guztiei irekitako hitzaldiei esker.

Hizlarien artean Christian Kerez suitzarra eta Carme Pinós kataluniarra nabarmentzen dira. Azken hau, gainera, Mugak/ bienalaren hirugarren edizio honetako erakusketa nagusiaren protagonista da. Bienaleko hitzaldiak eta gainerako jarduerak – erakusketak, tailerrak, bisitak, etab. – publiko orkorrari zuzenduta egongo dira, eta doako sarrera izango dute.

Christian Kerez izango da elkarrizketa horietako protagonista bat. Arkitekto suitzarraren lanak pertsonak elkarreraginera gonbidatzen dituzten espazio harrigarriak eratzen dituzten egiturak sortzeagatik nabarmentzen dira. Egiturekiko interesa eraikin industrialak dokumentatzen argazkilari gisa egindako ibilbidetik dator, bere lanean eragin izugarria izan duen ondarea. 1988an Zürich-eko Eskola Politekniko Federalean graduatua, 2001etik irakaslea izan da erakunde horretan, eta izen handiko hainbat lanen egile nazioartean. Ezagunenen artean honakoak daude: Oberrealtako Kapilla, Züricheko Leutschenbach Eskola, Forsterstrasse-n etxebizitza bloke bat (Zürich), eskala handiko etxebizitza sozialak garatzeko proiektua Brasilen, eta Varsoviako Arte Modernoaren Museoarentzako proiektua. Horrez gain, hainbat erakusketan ere hartu du parte; horien artean, 2016an Veneziako Bienalaren Pabiloi suitzarrean egindako interbenzio bat.

Carme Pinós, Mugak/en edizio honetako erakusketa nagusiko protagonista ere Euskadin izango da, eta biurtekoaren inaugurazioko izarra izango da. Ondoren, lehen mailako hizlari sorta bat etorriko da. Kataluniako arkitektoa Espainiako arkitekturaren erreferentetako bat da, eta, gainera, nazioartean ospetsua den ikerketa bat zuzentzen duen emakume bakarrenetakoa da. Bere obra zabala da eta erabat garaikidea da, aldi berean bere ingurunearekin modu naturalean lotzeko gaitasuna duena. Bere lanean hainbat eraikin nabarmentzen dira, bere jaioterritik, Bartzelonatik (Massana Arte Eskola, Boqueria Merkatuaren atzeko etxaurrea, etab.) nazioarteraino doazenak (Mexikon eraiki zituen Cube I eta II dorreak bezalako eraikin adierazgarriekin). Bere lanak jada hainbat erakusketa eta bilduma museistikoren parte dira, adibididez, Parisko Centre Pompidou eta New Yorkeko MOMA.

Tusquets, Veiga, Mangado…

Oscar Tusquets Mugak/en edizio berrian izango da. Katalana, arkitekturaren pentsalari eta bultzatzaile izateagatik da ezaguna. Bere ibilbide luzean Diseinuko Sari Nazionala, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina, Chevalier-en Palme de l ‘Ordre des Arts et des Lettres edo Sant Jordiren Creu saria jaso ditu. Besteak beste, Bartzelonako Musika Katalanaren Jauregia handitu eta birmoldatu zuen (UNESCOk gizateriaren ondare izendatu zuen jauregi hori), eta eztabaida arkitektonikoa bultzatzen du «Requiem por una escalera» bezalako testu probokatzaileekin, araudiak debekatzen dituen elementu arkitektonikoen aldeko alegatua.

Barozzi Veiga tandemeko Alberto Veiga ere Bartzelonatik helduko da Euskadira. 2004an sortutako estudioak eraikin zerrenda zabala pilatu du mundu osoan, besteak beste, Ribera del Duero ardoaren egoitza (Burgos), Elena Infanta auditoriuma Águilasen (Murtzia), Lausanako Arte Ederren Kantoniar Museoa (Suitza), Zuricheko Tanzhaus-a (Suitza) edo Szczecingo Filarmonika (Polonia). Azken horrek, hain zuzen ere, 2015ean Mies van der Rohe sari ospetsua eskuratzeko balio izan zien, jaso dituzten sari ugarietako bat.

Mugak-eko beste hizlarietako bat Patxi Mangado nafarra izango da, lan egiten duen ingurune historikoen eta haietan proposatzen dituen konponbide garaikideen arteko elkarrizketa arkitektonikoa sortzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen dena. Asturiasko Arte Ederren Museoa, Teuladako Udal Auditorioa, Gasteizko Arkeologia Museoa, Avilako Erakusketa eta Kongresuen Udal Zentroa edo 2008ko Zaragozako Expoko Espainiako Pabiloia dira bere lanetako batzuk. Horietako batzuek hainbat sari jasotzeko balio izan diote, hala nola, Londresko Kobrearen Europako Institutuaren Arkitektura Copper Saria (Gasteizko Arkeologia Museoagatik) edo Espainiako Arkitektura Saria (Zaragozako Expoko pabilioiagatik).

Hirien iragana, oraina eta etorkizunaren inguruko elkarrizketak

Programa beste hainbat profesionalek osatuko dute, hala nola, Londreseko 6a Architectsek edo VAUMM estudio donostiarrak. Aukeratutako formatua elkarrizketa arina deiturikoa izan da. Bertan, protagonistak jendearen aurrean eseriko dira, eta beste lagun bat gehitu zaie elakrren artean hitz egin dezaten. Solaskideen artean, Maria Esnaola bezalako profesionalak izango dira, arkitektoa eta Zuricheko ETHko eta Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitateko irakaslea.

Gainera, Mugak/ bienalaren barruan egingo diren kongresu eta mintegietan parte hartuko dute, besteak beste, GRX arkitektoek, Bosch Capdeferrok edo Husos Plataformak, bai eta Luis Rojok ere, Donostiako Kursaalaren eraikuntzan Rafael Moneoren arkitekto kolaboratzaileak. Azken horrek Kursaalaren gorabeherak erakutsiko dizkie Europan nazioarteko kongresura bertaratutako pertsonei.