Eusko Jaurlaritzak epea ireki du Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Baterako Babeserako Programan parte hartzeko

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren bitartez, Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Batez Babesteko Euskal Programarako eskabideak aurkezteko epea ireki du. Ekimenak hamar urte betetzen ditu aurten.

Programa horren helburua da giza eskubideen aldeko erakundeekin lotura duten eta haien lanagatik mehatxuak eta jazarpena pairatzen dituzten pertsonak aldi baterako Euskadin hartzea.

Ekintzaileen aurkako hilketak, erasoak eta jazarpenen joera kezkagarria eta orokorra dira mundu osoan. Egoera horiek ondorio larriak dituzte pertsona zein haien erakundeetan, eta, horregatik, Programak nazioarteko laguntza zein elkartasun tresna gisa balio du. Alde batetik, ekimenak defendatzaileen bizitzak eta osotasun fisikoa babesten du, eta, bestetik, sustatzen du haien lana lagundu eta ikusaraziko duten mugimendu, elkarte eta erakundeekin batera antolatzea.

Programa Monika Hernandoren Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak gidatzen du eta eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza du; biak ere Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuaren sailaren baitan daude.

Eskabideak aurkeztea

Eskabideak euskal erakundeek, elkarteek eta GGKEek aurkeztu beharko dituzte, giza eskubideen defentsan diharduten erakundeen prozesuak jarraitzen ari baitira. Formularioa urriaren 15era arte bidali ahal izango da programa kudeatzeaz arduratzen den CEAR Euskadiren programa.proteccion@cear-euskadi.org helbidera. Epea amaitu ondoren, Hautaketa Batzordea bilduko da 2022an Euskadin sei hilabetez egongo diren pertsonak hautatzeko.