Ekitaldi akademiko batekin eman die ikasturteari hasiera euskaltegiek

0

Euskadiko euskaltegien sareak 2021-2022 ikasturte akademikoari hasiera eman dio gaur Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldi baten. Aurten ere, eta aurreko urteetako bideari jarraituz, hitzaldi akademiko bat izan da ekitaldiko ardatz nagusi. Gaurkoan Cervantes Institutuko zuzendari akademikoak, Carmen Pastor Villalbak, eskaini du hitzaldia. Ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, HABEko zuzendari Jokin Azkuek, euskaltegi pribatuen ordezkari Iñaki Urkijok eta udal euskaltegien ordezkari Alex Labaienek parte hertu dute.

Ekitaldiaren hasieran Zupiria sailburuak euskaltegietako arduradun, irakasle eta profesionalen lana eskertu  eta aitortu du pandemia garaian euskaltegiak leku seguru izateko egin duten lanagatik. 2021-22 ikasturtea ilusioz eta erronkaz betetako ikasturte bat izatea espero duela gaineratu du Zupiriak. Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak adierazi duenez, “gure euskalduntzearen oinarria formakuntzan dago, umetan hezkuntzan eta heldutan euskaltegietan” eta gogoratu duenez, Euskal Herriko Unibertsitatean ikasleen ia %55ak euskaraz ikasiko ditu goi-mailako ikasketak, inoizko zenbatekorik altuena. Ekainean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egin zuten ikasleen %75ak euskaraz egin zuela ere azpimarratu du Zupiria sailburuak.

Bestalde, Carmen Pastorrek «Las competencias clave del profesorado de lenguas segundas y extranjeras» hitzaldia eskaini du gaurko ekitaldian. Irakasleek beraien ibilbide profesional osoan etengabeko prestakuntza-premia dutela azpimarratu du Pastorrek eta Cervantes Institutuan irakasleen prestakuntza barneko eta kanpoko jardueraren oinarrizko helburu bat dela azaldu du.