Eusko Jaurlaritzak adierazi du euskal ekonomiaren susperraldia inguruneko herrialde gehienetakoa baino handiagoa dela

0

EUSTATek Hiruhileroko Kontu Ekonomikoak argitaratu ondoren, Ekonomia eta Ogasun Sailak egiaztatu du bigarren hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia % 18,6 hazi dela urte arteko tasan. Zenbateko hori “aparta” da, baina kontuan hartu behar da pandemia kontrolatzeko murrizketek jarduera ekonomikoa ahuldu zuten garai batekin alderatuta lortzen dela, eta arlo batzuek jarduera geldiarazi behar izan zutela. Nolanahi ere, euskal ekonomiaren susperraldia inguruneko herrialde gehienetakoa baino handiagoa da.

Adibidez, Europar Batasuneko Barne Produktu Gordina % 13,8 handitu zen, eurogunekoa % 14,3 eta Alemaniakoa % 9,4. Beraz, datua oso ona da, eta, gainera, egoeraren araberako informaziorik berrienaren arabera, hirugarren hiruhilekoan hazkundearen erritmoa handia izango da berriro ere; ez, ordea, bigarren hiruhileko erritmoa bezain handia.

“Uda honetan enpresek arazoak izan dituzten arren (hornigairik eza, lehengaiak garestitzea, eta abar), etorkizunera begira baikor izateko arrazoiak daude —eman du aditzera Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak—. Uste genuen pandemiaren aurreko mailara 2022ko lehen hiruhilekoan itzuliko ginela, eta datu horiek aurreikuspen hori berresten dute”.

Egia da, halaber, 2020ko hazkunde-datuen berrikuspena hasiera batean aurreikusitakoa baino negatiboagoa dela —4 hamarren gutxiago—, eta, hartara, pandemia aurreko mailara itzultzeko tartea handiagoa dela.

Datu horiekin, eta egoeraren araberako azken adierazleekin, Ekonomia eta Ogasun Sailak 2022ko aurrekontu-proiektua egiteko oinarri izango den taula makroekonomikoa prestatzeari ekingo dio.