‘Erraiak’ dokumentalaren emanaldia izango da, larunbatean, Soreasu antzokian

0
'Erraiak' dokumentalaren emanaldia izango da, larunbatean, Soreasu antzokian

Nazioartean sari ugari irabazi dituen Erraiak dokumentalaren emanaldia izango da larunbatean, irailak 25, 19:00etan Soreasu antzokian. Emanaldiaren aurretik Ekain Martinez de Lizarduy dokumentalaren zuzendariak bere lanaren nondik norakoen inguruko azalpenak emango ditu. Dokumentalerako sarrerak salgai daude hemen; sarrera orokorra 3€koa izango da; Baigerako bazkideena1,5€-koa eta Kultur Bonoa dutenek doan ikusteko aukera izango dute.

 

ERRAIAK
Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna.

Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala. Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egin dugu. Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?

Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioak lankidetzan egindako dokumental honek Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu. Nondik dator irrintzia? Nola deitzen zaio Nafarroako mendietan, Gipuzkoako bailaretan edota Bizkaiko kostaldean? Zein da soinu miresgarri honen arrazoi zientifikoa?

Irrintzia ardatz izanda ekoiztu den dokumental bakarra dugu hau, euskara hutsean grabatutakoa. Euskal kulturaren sakontze ariketa paregabea. Goza ezazu!

Datu teknikoak
Iraupena: 33 min
Ekoizpen urtea: 2018
Jatorrizko bertsioa: Euskara.

 

Erraiak_Teaser from Arteman on Vimeo.