Beatriz Artolazabal: “Adinekoek elementu aktibo izan behar dute ongizate-gizartearen eraikuntzan”

0

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen ustez, “adineko pertsonek elementu aktiboa izan behar dute ongizate-gizartearen eraikuntzan; hori dela eta, orain, aldaketa integrala sustatuko duten zeharkako politikak garatu behar dira, zahartzen ari den biztanleriak dagokion lekua izan dezan”.

 Artolazabalek Meridako Biltzar Jauregian egin den Zilar Ekonomiako Nazioarteko I. Biltzarrean parte hartu du, zehazki “Zilar-ekonomiaren oinarriak. Ikuspegi integralerako kasu arrakastatsuak” mahai-inguruan. Sailburuarekin batera parte hartu dute  Ángel Barrera jardunaldiko zuzendariak, Antonio Huertas Mejías MAPFRE´ko presidenteak, eta María Cordón Blue Healthcare-ko kontseilari ordezkariak.

  “Bizitza-luzera berria ekonomiarako aukera eta, bereziki, enplegua sustatzeko aukera bihurtzeko erronkaren aurrean gaude. Garapen ekonomikorako aukera ugari dago: domotikaren eta robotikaren teknologiarik aurreraturenetatik hasi eta laguntza-produkturik sinpleenetaraino, hala nola telelaguntzaraino eta zerbitzu pertsonalen garapeneraino, etxean bertan zein bestelako ostatu eta egoitzetan” adierazi du Beatriz Artolazabalek.

 Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aditzera eman duenez, “industriaren, merkatuaren eta enpleguaren sektore askotan eragina duen zeharkako garapenerako aukera sendo baten aurrean gaude. Berriro diot: beti pertsonaren balio nagusia aintzat hartuta”.

 Egoera berriak

 “Zahartzaroan agertzen diren zenbait egoerak kontsumo mota berriak dakartzate. Hurbiltasuneko enpleguak haziko dira eta deslokalizatu gabeko lehen lan-hornitzaile bihur daitezke. Adinekoek ere aurrezteko gaitasun handia dute, eta, askotan, beste belaunaldi gazteago batzuetara edo ekonomia produktibora bideratzen da aurrezpen hori” erantsi du Artolazabalek.

 Beatriz Artolazabalen arabera, “botere publikoko konpromiso aktiboa hartzen dugu biztanleria-talde hori ez dadin arreta, kudeaketa eta planifikazio politiko eta sozialerako “objektu” hutsa izan, baizik eta erabateko “subjektu” izan dadin erabaki sozial eta politikoak hartzerakoan”.

  “Euskadin jakitun gara gure adinekoek postu nagusietako bat betetzen dutela gure gizartean, eta gizarte-zutabe baliagarriena direla. Horregatik, gizarte- eta politika-kudeaketan modu aktiboan parte har dezaten saiatu behar dugu; etengabe hobetu behar ditugu haien bizi-baldintzak; eta haien ezagutza baliatu behar dugu espazio berriak sortzeko eta, espazio horietan, adinekoek, urteekin eta esperientziarekin, bildu duten jakintza handi hori baliatzeko, batez ere gure gazteriak” eman du aditzera Artolazabalek.

 Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, “Europa osoaren erronka nagusietako bat da gizarte- eta ekonomiaegiturak egokitzea zahartzen ari den biztanleria-egiturara. Euskadin, Zahartze Aktiborako Estrategiaren bidez ari gara erronka horri aurre egiten. Estrategia horrek etapa bat bete berri du, eta orain beste bat hasi du, aurreratuago eta Europar Batasunean planteatutako helburuekin bat datorrena”.

 Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan 2.178.000 pertsona bizi dira;    487.000k dute 65 urte baino gehiago; horietatik 280.000 emakumeak dira eta 207.000 gizonak. 65 urte baino gehiagoko 113.000 pertsona bakarrik bizi dira Euskadin. “Zahartze aktiboaren planteamenduaren bidez, zahartzearen alderdi sanitarioenetara gehiago mugatzen den zahartze osasungarria baino ekintza-esparru inklusiboagoa eskaini nahi da” azaldu du Artolazabalek.

 Zaintzak

Sailburuak adierazi duenez, “zahartze aktiboa oinarritzen da adinekoen giza eskubideen aitorpenean eta Nazio Batuen Erakundeak proposatutako independentziaren, partaidetzaren, duintasunaren, asistentziaren eta norberaren nahiak egitearen printzipioetan. Zahartze aktiboak aukera eta tratu berdintasuna ekarri beharko du bizitzaren alderdi guztietan, pertsonak zahartu ahala. Batik bat, prozesu politikoan eta komunitate-bizitzako beste alderdi batzuetan parte hartzeko erantzukizuna errespetatu beharko du.

 Artolazabalek “gizarte- eta osasun-espazioan edo gizarte- eta hezkuntza-espazioan isla duen Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema aurreratua” azaldu die Biltzarrera bertaratutakoei. Zaintza instituzionala zaindutakoei eta zaintzaileei zuzentzen zaie zenbait laguntza-zerbitzuen bidez, hala nola informazioa, prestakuntza eta “arnasa”.

  “Gure ustez, zaintza-politika batik bat bideratu beharko da adinekoen autonomia sustatzera, bizitza osoaren ikuspegitik —horrek bizitzaren zikloko etapa guztietan giza beharrak modu orekatuan gogobetetzea ahalbidetuko die—. Era berean; adineko autonomoetara bideratu beharko da, haien talentua eta parte-hartze soziala sustatuz, zaintzaren arloan eta adineko pertsonen edo beste pertsona eta talde batzuen bizi-kalitatea sustatzearen arloan, betiere belaunaldien arteko elkartasunean oinarrituta” eman du aditzera Artolazabalek.