Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek koordinazioa indartuko dute Sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurkako Mahaiaren esparruan

0

Irailaren 23an ospatzen den Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan, erakundeak eta gizarte-eragileak Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan bildu dira gaur goizean, Sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurkako Mahaian. Emakundek koordinatzen du Mahaia, eta honako erakunde eta gizarte eragiletako ordezkariek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Saila, Segurtasun saila, Ertzaintza, Fiskaltza, Gobernuaren Ordezkaritza, hiru foru-aldundiak eta gizarte-eragileen aldetik, Caritas, CEAR Euskadi, Munduko Medikuak, Ihesaren aurkako Batzordea, Gurutze Gorria, Gizarterako, Askabide, Oblatas eta Accem.

Gaur goizeko bileran, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria buru zela, Mahaiak erabaki du talde espezifiko bat sortzea Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien artean, besteak beste, kasuak bideratzeko protokolo bat ezartzeko. Talde honen lana funtsezkoa izango da Euskadin emakumeen eta nesken giza eskubideen urraketa horri erantzuteko beharrezkoa den koordinazioari begira.

Era berean, Mahaiak berretsi egin du 2020an eta 2021ean Mahaia osatzen dutenek salerosketaren biktima diren emakumeak detektatzeko eta identifikatzeko adierazle komunak finkatzeko helburuarekin landutako barne-dokumentua. Helburua da adierazle komun horiek Euskadin sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima izan daitezkeen emakumeak hobeto identifikatzen laguntzea, eta, horrela, haien errealitatea eta beharrak hobeto ezagutu ahal izatea. Carmen Meneses irakasleak Mahaiaren enkarguz egindako azken txostenean nabarmentzen denez, zaila da jakitea salerosketaren biktima diren emakumeen kopuru zehatza, hainbat arrazoirengatik, nahiz eta aipatutako ikerketaren arabera, prostituzio-testuinguruetan dauden pertsonen % 10 eta % 15 artekoa izango litzatekela kalkulatzen den.

Mahaiaren 2022rako jarduera-planean, Gobernuaren eta Aldundien arteko talde espezifikoa abian jartzeaz eta adostutako adierazle komunen erabileran aurrera egiteaz gain, nabarmentzekoa da, halaber, salerosketa-kasuekin kontakturen bat duten hainbat eremutako profesionalei zuzendutako prestakuntza-proposamena, besteak beste, genero-indarkeriaren eta atzerritartasunaren ofiziozko txandari dagokiona; ikerketa-lanak, informazioa, prestakuntza eta sentsibilizazio-lanak bateratzea; hala nola egoitza-mahaia osatzen duten erakundeek egoera hobetzeko hainbat baliabide babesten jarraitzea, bizitokiari buruzkoak, osasunari buruzkoak edo arlo horretan sentsibilizatzeko edo prebentzioa egiteko diru-laguntzei dagozkionak, besteak beste.