2030 Agendak aurrerapausoa eman du Euskadin, eta lan-eremu ireki bat izango du Zumaiena Ikastetxearen “2030 Baso Magikoa” proiektuarekin

0

Zumaiena ikastetxeak (Zumaia, Gipuzkoa) bere hezkuntza-proiektu berritua aurkeztu du, naturaren eta jasangarritasunaren balioetan oinarrituta, “Baso Magikoa 2030” ekimenaren bidez: ikastetxeko jolasgunea eraberritu ondoren berreskuratutako naturagunea, ikasteko, trukatzeko eta hezkuntza-jarduerarako gune bihurtzeko asmoz, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) eta 2030 Agendarekin zeharkako ardatz gisa.

Baso Magikoa 2030 naturaguneak, zuhaitzez eta landareez gain, hainbat lan-eremu ditu ikasgeletatik kanpo; besteak beste, hainbat anfiteatro, domo geodesiko bat –zur jasangarrizko eta kristalezko egitura bat, erdiesferikoa, 10 metroko diametrokoa– eta 700 pertsona baino gehiagorentzako auditoriuma. Bilguneak “17 helburu gure mundua eraldatzeko” erakusketa babestuko du 15 egunez, 17 GJHak hezkuntza-komunitatearen artean azaldu eta zabaltzeko. Guneak hainbat erakundek eta gizarte-eragilek sustatutako erakusketak eta jarduerak erakutsiko ditu ikasturtean zehar.

“Ikastetxeko jolasgunea eraldatzetik harago doan proiektua planteatzen dugu Zumaienan. Naturagune bat ikastetxeko egunerokoan txertatzea da gure proiektuaren oinarria. Gure haur, gazte, familia eta herritarrei inguru naturalarekin kontaktua bideratu nahi dugu proiektu honekin”, adierazi du Isaak Aranberrik, ikastetxeko zuzendariak. “Basoarekiko harreman zuzenak hainbat abantaila eskaintzen ditu: natura ikusi, ukitu, usaindu, probatu eta esploratu. Haur eta gazteak egunero bertan egon daitezen eta espazioan eta espaziotik bertatik ikas dezaten nahi dugu”.

Baso Magikoa 2030en inaugurazioa Euskadiko Klima eta Energiaren Astea-ASTEKLIMA 2021eko jarduera-programaren hasiera-ekitaldia da. ASTEKLIMAren helburua da herritarrak mobilizatzea berotze globalaren eta energia- eta klima-trantsizioaren aurka.

Inaugurazio-ekitaldiko parte-hartzaileak: Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuko diputatua; Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea; Nieves Hernández, UNESCO Etxeko lehendakaria; eta Isaak Aranberri, Zumaiena Ikastetxeko zuzendaria. Kukai Dantza Taldearen eta Ainhoa Urteagaren eta Aitzol Ibarlozaren zuzeneko emanaldiak ere izan dira, ikastetxeko ikasleek lagunduta.