Elikagaien sektorean teknologiaren, bizkortasunaren eta lankidetzaren arteko oreka lortzea funtsezkoa da merkatuko eskari berriei aurre egiteko

0

• Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak eta HAZIk antolatu eta gaur Donostian egin den “Elikaduraren balio katea 4.0 – Gaurko irtenbideak eta biharko beharrak” EHUren uda ikastaroaren ondorioetako bat.

• Ikastaroan hainbat esperientzia ezagutu ahal izan dira: nekazaritzako elikagaien industria txikiei eta nekazaritza-ustiategiei aplikatutako sentsorika, abereen geoposizionamendua eta hesi birtuala, produktu eraldatuak egiteko 4.0 soluzioak, intsumoen optimizazioa, nekazaritzako eta basogintzako teledetekzioa eta monitorizazioa, haragiaren eta arrantzaren eraldaketa-kateko blockchain eta mahastizaintzaren sektoreko Big Data aukerak.

Gure produktuen lehiakortasunean aurrera egiteko funtsezkoa da Euskadiko elikaduraren balio kate osoaren integraziorako ekintzailetza teknologikoa sustatzea eta sektore arteko lankidetzako dinamika adimendunak diseinatzea”. Hala adierazi du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, gaur goizean Donostian izan den “Elikaduraren balio katea 4.0 – Gaurko irtenbideak eta biharko beharrak” udako ikastaroaren aurkezpenean. Orozek erantsi du “kate-begiek elkarri abangoardiako estrategien berri emanez gero, kate osoa hobeto kokatuko da merkatuan, irtenbideak aurkitzeko batuko da eta erronka berriei aurrea hartuko die. Ekoizpena, industria eta banaketa lankidetzan aritu behar dira”.

Esperientziak trukatzeko antolatu dute ikastaroa Eusko Jaurlaritzak eta HAZIk. COVIDaren aurkako neurrien ondorioz edukiera mugatua izan den arren, trebakuntza-ekintza honetako partaideek hainbat irtenbideren berri izan dute datuen digitalizazio adimenduna lortzeko eta tresna teknologiko berriak prozesu osoan sartzeko, hasi landatik eta produktuak kontsumitzera arte. Teknologia honen, ekoizpen-prozesuen bizkortasunaren eta sektoreko eragileen lankidetzaren arteko oreka lortzea funtsezkoa da, merkatuko eskariei eta elikagaien kalitate eta segurtasun arloko betebeharrei aurre egiteko.

Eraldaketa digitalak nekazaritzako elikagaien sektoreari eskaintzen dizkion abantailen berri eman da, aberastasuna eta enplegua sortzeko sektore estrategikoa baita. Horrexegatik egin behar dio aurre Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) modernizatzeko zeharkako helburuari. Euskadiko Digitalizaziorako Esparru Estrategikoan jasota dago helburu hori.

Ikastaroan zenbait teknologia aztertu dira, hala nola IoT (Internet of Things), adimen artifiziala, big data edo blockchain-a; guztiak ere prozesuen eraginkortasuna eta baliabideen erabilera errazteko teknologiak dira, erabakiak hobeto hartzeko, errentagarritasun handiagoa eta arrisku txikiagoa izateko eta merkatuen krisiei eta eskariei aurrea hartzeko aukera eskaintzen duten teknologiak, hain zuzen ere. Gainera, esperientzia batzuk trukatu dira honako hauei buruz: nekazaritzako elikagaian industria txikietan eta nekazaritzako ustiaketetan ezarritako sentsorika; ganaduaren geoposizionamendua eta hesi birtualak; 4.0 irtenbideak eraldatutako produktuak egiteko; intsumoen optimizazioa; nekazaritza eta basogintzako teledetekzioa eta monitorizazioa; haragi eta arrantza sektoreko eraldaketa kateko blockchain-a; eta ardogintza industriako Big Data aukerak.

Elikadura osasungarria eskaintzeko gai izango den etorkizun sektoriala lortzera bideratu da hori guztia, elikagaien segurtasuna eta animalien ongizatea modu jasangarrian bermatzeko; baliabideak eta energia modu eraginkorragoan erabili eta klima-aldaketa arintzeko; eta landaguneetako ekonomia indartzeko. Elikaduraren balio kate adimenduna, negozio-eredu berria sortuko duena, kate-begi guztien artean informazioa aprobetxatzeari esker produktuari balioa eman eta etengabeko berrikuntza lortu ahal izateko.