Eusko Jaurlaritzak guztira 101 lan utzi dizkio Artium Museoari, batez ere Gure Artea sarietatik eskuratutakoak

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta bozeramaile Bingen Zupiriak, Arabako ahaldun nagusi eta Arabako Artium Fundazioko presidente Ramiro Gonzálezek eta Artium Museoko zuzendari Beatriz Herráezek hitzarmena aurkeztu dute gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzakoak diren 101 artelan Artium Arte Garaikideko Museoaren Fundazioari komodatu gisa emateko. Obra gehienak Gure Artea Lehiaketaren bidez eskuratu ziren, 1982 eta 1995 artean.

Akordio berrian jasotako lanetatik 37 Museoan zeuden jada, aurreko gordailu-akordioen zati gisa, eta beste 10 iaz, 2020an, iritsi ziren, “Zeru bat, hamaika bide” erakusketarako mailegu gisa. Gainerakoak, 54 obra, Eusko Jaurlaritzaren Gamarrako eta Lakuako biltegietan gordeta egon dira orain arte, eta Artium Museoaren Bilduman sartuko dira.

Hitzarmen honen bitartez Artium Fundazioak artelanak gorde, kontserbatu, digitalizatu, aztertu eta zabaltzeko ardura hartuko du. Horrez gain, tratamendu tekniko egokia emango die artelanei eta hala badagokio irizpide zientifikoekin erakusteko aukera ere izango du, beti ere, kontserbazio eta segurtasun baldintza egokietan.

Kontratu honek hamar urteko iraupena izango du eta automatikoki luzatu ahal izango da bi urteko iraupen-aldietan, beti ere bi aldeek kontrakoa esaten ez badute. Jarraipen batzorde batek aztertuko du komodatu-kontratua betetzeko urratsak ematen diren. Kultura eta Hizkuntza Politika saileko kide batek eta Arabako Artium Fundazioko ordezkari batek osotuko dute jarraipen batzorde hori.

Artearen oraintsuko historia

Artelan multzo hau oso interesgarria da Euskal Herriko artearen oraintsuko historiarako, zehazki XX. mendeko azken zatirako. Dario Urzay, Cristina Iglesias, Jose Luis Zumeta, Gema Intxausti, Gabriel Ramos Uranga, Prudencio Irazabal, Azucena Vieites, Jesus Mari Lazkano, Itziar Okariz edo Marisa Fernandez bezalako artisten lanak daude multzo honetan.

Komodatu-akordio honek Artium Museoa Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa izatea indartzen du, baita praktika artistikoen ikerketarako erreferentziazko elementu izatea ere, joan den mendeko 50eko hamarkadatik gaur arte.