Artolazabal Merced eguna ospatzeko Zaballako Espetxean izan da

0

Irailaren 24a jaieguna da Espetxeetako egutegian. Espetxeetan lan egiten duten langileek Merced eguna ospatzen dute. Hori dela eta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Justizia sailburuorde Ana Agirre gaur izan dira, Jaime Tapia Eusko Jaurlaritzako aholkulariarekin batera, jai hori ospatzeko Arabako Zaballa zentroan antolatutako ekitaldietan.

Ekitaldia hasi aurretik, Artolazabalek eta Agirrek lore-sorta bat utzi dute ETAk 2000. urtean hildako espetxe-funtzionario Máximo Casadoren oroimenez zentroaren sarreran eraikitako monolitoan. Ondoren, La Merced oroitzeko ekitaldietan parte hartu dute gainerako komitiboarekin batera, Benito Aguirre bertako zuzendaria eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkaria buru zirela.

“Nire esker ona adierazi nahi dut, ebai eta Eusko Jaurlaritzarena ere”, esan die sailburuak espetxeetako langileei, “egiten duzuen lanagatik eta zigor penalak betetzen dituzten pertsonei askatasuna berriro aurkitzen laguntzeko egiten duzuen ahaleginagatik”.

Beste behin ere, Artolazabalek publikoki onartu du “ETAren terrorismoaren urterik gogorrenetan jasandako sufrimendua”, eta Arrupe Giza Eskubideen Institutuari hori jasota gera dadin eskatutako azterketa gogorarazi die.

Sailburuak ere izan ditu hitzak “Zaballan preso gisa bizi diren pertsonentzat”. Ildo horretatik, Zaballako zuzendariaren hitzak berretsi ditu eta esan du “portaera eredugarria eta errespetuzkoa izan dutela pandemian zehar, nahiz eta osasun-neurriek hainbat muga jarri dituzten baimen, komunikazio, jarduera eta tratamenduko esku-hartzeei dagokienez”. Artolazabalek eskerrak eman dizkie presoei “hilabete zail hauetan eta, bereziki, konfinamenduan izan duten jarreragatik”.

Bere hitzaldian, sailburuak bigarren aukerez hitz egin du. “Kondenatuak beren ekintzen ardura hartzeko eta beren askatasuna eta gizarteratzea eta laneratzea prestatzen hasteko aukerak maximizatzeko modu bat da. Eragindako kaltea arintzeko modua ere, Justizia leheneratzailearen mekanismoekin gertatzen den bezala”, esan du.

Urriaren 1etik aurrera gauzatuko den espetxeen kudeaketaren eskualdaketari dagokionez, Artolazabalek esan du “data historikoa” izango dela, “azkenean, Lege Organiko batek -Gernikako Estatutuak- duela 40 urte baino gehiago ezarri zuena” beteko baita. Hala ere, azpimarratu nahi izan du egun hori “euskal espetxe honen eta beste batzuen eguneroko bizitzan ostiral bat gehiago izatea” espero duela.

Artolazabalek onartu du eskualdatze “lasaia” espero duela, “erakundeen arteko sintoniak eta zuen guztion profesionaltasunak bermatua”, eta, aldi berean, espetxe-sistema “aurreratuenetako bat” dela esan du.