CargoBizi Ibilbidea Donostiara itzuli da 9 egun eta 355 km egin ondoren

0
binary comment

Donostiako Udalak TXITA enpresaren laguntzarekin sustatutako CargoBizi Ibilbidea gaur goizean amaitu da irailaren 16an puntu berdinetik abiatu ziren bi kargako bizikletak Alderdi Ederrera iritsi direnean. Ekintza hau Mugikortasunaren Europako Astearen eta Udalak City Changer Cargo Bike (CCCB) proiektu europarrarekin duen konpromisoaren barruan kokatu da.

Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak harrera egin die, eta eskerrak eman dizkie ibilbidea egin duten txirrindulariei beren inplikazioagatik. Horrez gain, nabarmendu du «Donostia aitzindaria dela Euskal Autonomia Erkidegoan karga bizikletak sustatzen, eta, ekintza honekin, 17 udalerri batu ditu garraiobide jasangarri hau bultzatzeko, herritar guztientzat abantaila ugari dituena«.

CargoBizi ibilbidea

Ibilbideak iraun duen 9 egunetan eta egindako 355 kilometroetan, ekimenak harrera ona izan du bisitatutako udalerri guztietan. Lehenengo geldialdia Astigarragan egin zuten. Bertan, Gipuzkoako hiriburuko Udalak emandako City Changer Cargo Bike proiektuarekin eta cargo bike-ekin lotutako materiala banatu zuten udaletxean. Hernani, Beasain eta Antzuola izan ziren ibilbideak jarraitu zuen hurrengo udalerriak.

Bigarren egunean, Bergarara eta Arrasatera iritsi zen etapa, eta handik Gasteizerantz jarraitu zuten. Gorka Urtaran alkateak eta Gasteizko cargo bike komunitateak (ibilgailu horiek erabiltzen dituzten profesionalak zein partikularrak) hartu zituzten, eta martxa bat egin zuten zamalanetako bizikletekin hirian zehar.

Ondoren, martxak hurrengo geldialdiak egiten jarraitu zuen Otxandion, Areatzan eta Galdakaon, eta eguna Bilbora iritsi zenean amaitu zen. Bere Udalean, Mugikortasun eta Iraunkortasun Saileko zuzendari Ignacio Aldayk ere harrera egin zien txirrindulariei.

Azken etapak Durangon, Eibarren, Elgoibarren, Deban, Zumaian eta Zarautzen izan dira, eta hiriburu horietan alkateek eta Mugikortasuneko arduradunek hartu dituzte.

Leku horietan guztietan, CargoBizi Ibilbideak hainbat jarduera egin ditu, hala nola Donostiako Udalak Mugikortasunaren Europako Astean emandako liburuxkak banatzea.

Mugikortasunaren Europako Astea

CargoBizi Ibilbideaz gain, irailaren 16tik 22ra igaro den Mugikortasunaren Asteak formakuntzan oinarritutako beste jarduera batzuk ere izan ditu, Mugikortasun Saileko Bide Segurtasuneko taldeak hainbat ikastetxetan edo formakuntza zentroetan (Ceinpro edo Easo Politeknikoa esaterako) egindako online saioak eta aurrez aurrekoak, adibidez.

City Changer Cargo Bike (CCCB) proiektuaren eta garraiobide hori sustatzeko konpromisoaren barruan, zenbait topaketa egin dira hainbat ikastetxetan gurasoekin. Topaketa horietan, karga-bizikleten beste funtzionalitate bat aurkeztu eta sakondu da, hau da, haurrak eskolara eramateko erabilera. Garraiobide honek gero eta jarraitzaile gehiago ditu hirian, aulki, atoi edo triziklo moduan.

Mugikortasun Aste honen beste helburuetako bat txirrindularien kaleko jardunbide egokiak sustatzea izan da, «Bizikidetza da sari nagusia” kanpainaren bidez. Kanpaina hau Sare Sozialetan zabaldutako bideo baten bidez egin da. Bertan, hiriko bizikletaren erabiltzaileen jardunbide egoki horietako batzuk jasotzen dira, txirrindulari profesionalaren munduarekin paralelismo batetik abiatuta.