Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur goizean, Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan. Bertan, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren atxiloketari buruz esan du bere garaian arazo politiko bat judizializatu izanaren ondorio dela atxiloketa hau.
Carles Puigdemont eurodiputatua atxilotu dute Italiako agintariek Sardiniara iristean, Auzitegi Gorenak emandako bilaketa eta atxilotze agindua betez. Generalitateko presidente ohia eurodiputatu gisa joan zen jardunaldi kultural batzuetan parte hartzera. Josu Erkorekak adierazi du, oraindik goiz dela jakiteko zer pasatuko den, izan ere ez dago garbi Espainiara estraditatuko den edo ez eta eurodiputatu izateak ahalbidetzen dion immunitatearekin zer gertatuko den. Azken hitza epaileak izango duela gaineratu du.
Atxiloketak Kataluniak Estatuarekin duen elkarrizketa mahaian eraginik izango duen galdetuta, Segurtasun sailburuak onartu du, bere ustez, gertakari honek ez duela ondorio onik ekarriko. “Espero dezagun Kataluniaren etorkizuna elkarrizketaren bidetik etortzea eta atxiloketa ez izatea oztopo”, esan du.
Asteburuetan gertatzen diren istilu eta pilaketen inguruan, Segurtasun sailburuak adierazi du Europa eta Estatu mailan ere ikusten diren gertakariak direla, eta , gaur gaurkoz, gehien nabarmentzen dena herritarrek soinuagatik egiten dituzte kexuak direla. Ertzaintzak eta Udaltzainek egoera kontrolatzeko hartu beharreko neurrien inguruan, Segurtasun sailburuak azaldu du polizia egoera kontrolatzera gerturatzean denean honi aurre egiteko joera gero eta ohikoagoa dela.
Transferentzien inguruan galdetuta, lehen lehendakariordeak azpimarratu du bi Gobernuen partetik dagoela elkarrizketarako borondatea; eta gaineratu du lehengo astean bertan Gobernu Zentralak konpromisoa hartu zuela urrian Bizitzeko Gutxieneko Errentaren transferentzia proposamena bidaltzeko. Hori horrela, urtea amaitu aurretik Transferentzien Bitariko Batzordea ospatzea espero dela esan du Erkorekak, zintzilik dauden transferentzietako batzuk aurrera eramateko.
Espetxeen transferentziari buruz, sailburuak azaldu du, normalean transferentzia bat gauzatzen denean, alde batetik, transferitutako langileen lehen eskara homologazioa izaten dela, baldintzak hobetzeko, eta, bestetik, horrelako momentu klabeak heltzen direnean sindikatuak mobilizatu egiten direla. “Nik gertatzen ari dena testuinguru horretan jarriko nuke”, adierazi du. Eta, gaineratu du negoziazioak martxan daudela eta ez daukala zalantzarik adostasun iritxiko dela.