Euskal Unibertsitate Sistemak erabateko presentzialtasuna berreskuratuko du

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreari, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreari eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreari Euskal Unibertsitate Sisteman erabateko presentzialtasuna berreskuratzea jakinarazi die gaur arratsaldean egin den bilera telematikoan. Bilera horretan bertan erabaki dute %100eko presentzialtasuna berreskuratzea urriko lehen hamabostaldian.

Pandemiaren bilakaerari eta txertaketa unibertsitate-komunitate osora hedatzeari esker, urriko lehen bi asteetan zehar unibertsitate-fakultateek beren ikasle guztien presentzia berreskuratuko dute. Egungo baldintzek ahalbidetzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek ikasturte honetarako ezarrita zeukaten helburua aurreratzea. Joan den abuztuaren 27an Donostian egindako bileran zehaztu zuten helburu hau.

Osasun Sailak eta Hezkuntza Sailak aste honetan aztertu dituzte kutsatzeen eta ospitale-presioaren bilakaera positiboak eskaintzen dituzten aukerak, eta erabaki da baldintzak betetzen direla Euskal Unibertsitate Sistemak, unibertsitate bakoitza bere antolaketan eta plangintzan oinarrituta, ikasleen presentzia osoa berreskuratu ahal izan dezan, oraindik beharrezkoak diren segurtasun eta higiene-neurriei eutsiz.

Erabaki hau hartu da joan den ikasturtean pandemiaren kudeaketa konplexua egin ondoren unibertsitatearen esparruan; izan ere, estatuan zein nazioartean hezkuntza eta osasun-kudeaketa hori erreferentea izan da. Lan horri esker, bateragarri egin ahal izan dira langileen jarduna, unibertsitateetan ikasleen %75 egotea, prestakuntza-eskaintza eta haren kalitatea ziurtatzea, eta osasun-segurtasuna bermatzea jarduera guztietan.

Gaur arratsaldean hartutako erabakiak unibertsitateko ikasturte estreinatu berria ahalik eta normaltasunik handienarekin igarotzeko desioa azpimarratzen du, Covid oraindik bertan egon arren. Ezarritako egutegiak aukera ematen du, besteak beste, Euskal Unibertsitate Sistemako erabateko presentzialtasunaren helburua irakasgai, titulazio, fakultate eta unibertsitate bakoitzeko egoerara egokitzeko, osasun publikoko irizpideak esparru malgu batean betetzen direla ziurtatuz esparru malgu batean, zuzendaritza-taldeak, langileak eta ikasleak aurrez aurreko egoera berri eta irrikatu horretara egokitu ahal izateko.

Mundu mailako pandemia gainditu ez dela jakinik, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak, hiru unibertsitateetako Errektoreordetzek eta UNIBASQek (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatearen Agentziak) osatutako lantaldeak 2020ko martxoan hasitako lanarekin jarraituko du, elkarrekin koordinazioan eta pandemiaren bilakaera eta unibertsitatearen eremuan duen eragina monitorizatuz.

Bai Bildarratz sailburuak zein Ferreira, Guibert eta Atxa errektoreek uste dute ezarritako helburua lortu ahal izango dela, aldi berean Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten pertsona guztien erabateko segurtasunaren alde lan eginez.