Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluak legealdi honetarako jarduketa-plana onartu du

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko buru izan da, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Kontseiluko presidenteordearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarekin batera. Bileran, 2021-2024 aldirako jarduketa-programa onartu da; helburua da aurreko 2017-2020 Planean aurreikusitako eta garatutako lan-ildoak sendotzea eta haietan sakontzea, eta etorkizunerako memoria partekatua eraikitzeko oinarriak ezarri ahalko dituen hausnarketa- eta eztabaida-prozesua sustatzea.

Zuzendaritza Kontseiluaren bilera gaur arratsaldean izan da, Gogorak Bilbon duen egoitzan. Bileran, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak eta Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendariak parte hartu dute, besteak beste. Eusko Jaurlaritzaz gainera, Gogoran Euskadiko ganberako legebiltzar-taldeak daude ordezkatuta: hiru aldundiak, EUDEL eta Eusko Legebiltzarrak izendatutako hiru pertsona. Honako hauek dira: Paco Etxeberria, mediku forentsea eta gaian aditua; Maria Jauregi, ETAk 2000. urtean hil zuen Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibilaren alaba, eta Josu Elespe, ETAk 2001ean hil zuen Froilán Elespe Lasarteko PSE-EEko zinegotziaren semea.

Onartutako planak Gogoraren erakusketa-espazioa sortzea jasotzen du María Díaz de Haroko egoitzako patioan; Martxoak 3 Memoriagunea sortzea –Gasteizko Udalarekin, Arabako Foru Aldundiarekin, Gasteizko Apezpikutzarekin eta Memoria Gara gizarte-ekimenarekin elkarlanean–; eta Gernikako Museoa berritzea –Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Gernikako Udalarekin elkarlanean–. Zentro horiek bizikidetzarako memoriaren zerbitzura dauden espazio bizi gisa sortu dira.

Planak 1936-1978 Giza Eskubideen Urraketen Oinarri Txostenaren bigarren fasea aurreikusten du, 1936aren eta 1945aren artean espetxean izan ziren pertsonei eta konfiskazioei, garbiketei eta diktadura frankistan izan ziren giza eskubideen bestelako indarkeria larriei buruzko ikerketekin jarraituko dutenei buruzkoa. Era berean, Gerra Zibileko biktima hilen datu-basea eguneratzen jarraituko da, ikerketa berrien eta familien informazioen ekarpenaren bidez.

Gaur onartutako plana hiru eremu nagusitan egituratzen da: zeharkako eremua, Memoria Historikoaren eremua eta, azkenik, Oraintsuko Memoriaren eremua. Horrela, 10 ekimen eta 53 ekintza jasotzen dira.

Bestalde, Zuzendaritza Kontseiluak Gogora Institutuaren eta EITBren arteko lankidetza-hitzarmena onartu du. Akordio honen helburua da printzipio eta balio demokratikoen defentsaren memoria gordetzea eta zabaltzea, ondare kolektiboa dela ulertuta, eta, bereziki, biktimen testigantzan gauzatzen dela. Horretarako, bi erakundeak elkarlanean arituko dira zabalkundea sustatzeko.