Gero eta konplexu eta eklektikoagoa den egungo munduan, funtsezkoa da zientzian aurrera egiteko ezagutzaren hainbat diziplinatako ikertzaileen artean sinergiak eta baterako guneak bilatzea, garatzen diharduten ikerlanetan aurrera egiten laguntzearren. Hori dela eta, Ikerbasquek Getarian bildu ditu gaur Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten nazioarteko 180 ikertzaile, datozen urteetan Euskadin zientzia sustatzen lagunduko duten haien arteko baterako guneak identifikatzeko.
Jardunaldia irekitzeaz arduratu dira Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, eta Fernando Cossio, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa. Jarraian, Ikerbasqueko ikertzaileek, lantaldeetan banatuta eta ikerketa arloan duten esperientzia zabalaz baliatuta, egun garatzen ari diren lan-ildoak aurkeztu eta beren-beregi nabarmendu dituzte egungo nahiz etorkizuneko ikerketak sustatzeko dituzten beharrak. Guztira 36 ikertzailek parte hartu dute, hainbat jakintza-arlori lotuta: minbizia, Alzheimerren gaixotasuna, giza-eboluzioa, klima-aldaketa, grafenoa (etorkizuneko materiala deritzo) edota nahasmendu kronikoak dituzten pertsonei eragiten dieten faktore psikosozialen garrantzia.
Ikerbasqueren programen helburua argia da: talentua erakarri eta atxikitzea. Horretarako, alde batetik, ikertzaile-lana atzerrian egiten ari direnak erakarri nahi dituzte, karrerako uneren batean kanpora joan behar izan zuten Euskadiko ikertzaileak itzularazteko ahalegina eginez; eta bestetik, ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzen dizkiete dagoeneko Euskadin ikertzen dihardutenei.