Osakidetzak, pandemiaren lehen olatuan, lau egoera posible jasotzen zituen plana diseinatu zuen; plan horrek aukera ematen zuen une oro ZIUn oheak erabilgarri egoteko
Osakidetzako ZIU-ko Kontingentzia Plana pandemiaren lehen olatuari aurre egiteko diseinatu zen; Alberto Manzano doktoreak koordinatu zuen. Planak Berrikuntzako komunikazio onenaren aintzatespena jaso du, Malagan egin den Ospitaleen eta Osasun Kudeaketaren XXII. Biltzar Nazionalean. Plan horren bidez, ospitaleen artean sareko lana zabaldu zen, eta zenbait egoeratan oinarrituta beharrezkoak diren baliabideak ezarri ziren; horrek aukera eman zuen lehen olatuan, ziurgabetasun-egoera nagusi zela kontuan hartuta munduko osasun-sistema guztiek kudeatzeko zailena izan zen olatuan, une oro ZIUn oheak egoteko erabilgarri.
Plana Covid-19aren ondorioz ZIUn ospitaleratu behar ziren paziente larriei arreta ematen zitzaiela bermatzeko zabaldu zen. Horretarako, Txinan, Hego Korean eta Italian eskuragarri zeuden datuen bidez eginiko estimazioetan oinarrituta (eraso-tasa, ospitaleratutako biztanleen ehunekoa, batez besteko egonaldia…), unitateak mailaz maila irekitzeko eredua prestatu zen, 4 egoera oinarri hartuta: 1. egoera (221 ohera arte); 2. egoera (259 ohera arte); 3. egoera (406 ohera arte), eta 4. egoera (560 ohera arte). Halaber, unitateak egokitzeko obrak, ZIUko ekipamenduen zuzkidura (arnasgailuak, monitoreak…) eta pertsonalaren beharrak ere planifikatu ziren.
Komunikazioan, zeina sektorean erreferentea den Biltzarrean saritu baitzen, pandemiaren lehen olatuak lehen 12 asteetan ospitalizazio-tasen eta oheen okupazioaren inguruan kalkulatutako emaitzak ekarri zituela jasotzen da.
Pandemiaren lehen olatuan, guztira 6.058 paziente ospitaleratu ziren, eta batez besteko egonaldia 10,37 egunekoa izan zuten, eta heriotza-tasa % 14,85ekoa izan zen; haietatik, 463 ZIUn sartu ziren, eta haien batez besteko egonaldia 16,59 egunekoa izan zen, eta heriotza-tasa, % 23,33koa. ZIUn ospitaleratu zen paziente-kopuru handiena 6. astean izan zen; guztira 304 paziente sartu ziren, eta, une batean, 359 ohera arte egon ziren zabalik Osakidetzaren sarean.