Eusko Jaurlaritzak ‘2021eko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria’ emango die adineko pertsonentzako ingurune lagunkoien sorreran nabarmentzen diren erakunde publikoei edo pribatuei

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Matia Institutuarekin elkarlanean, eta Euskadi Lagunkoia proiektuaren bidez, deitu du ‘2021eko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria’.

Sari horren helburua da lagunkoitasunaren arloko berrikuntzan eta efikazian eta zahartzen diren pertsonei bizimodua errazten dieten inguruneen arloko berrikuntzan eta efikazian nabarmentzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek garatutako jardunbideak aitortzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta beren sektore publikoetako erakundeek aurkez ditzakete hautagaiak. Helbide soziala eta jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridiko pribatuak ere postula daitezke.

Osasunaren Mundu Erakundeak sustatu zuen, 2005ean, inguruneek pertsonekin duten lagunkoitasunaren inguruko mugimendua. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, ingurune lagunkoiak bizimodu independentea, zahartze aktiboa eta autonomia pertsonala bultzatzen ditu, betiere osasunaren, partaidetzaren eta segurtasunaren arloko aukerak optimizatzearen bidetik, eta pertsonen bizi-kalitatea hobetze aldera.

Epaimahaiak baloraziorik onena jasotzen duen jardunbidea nabarmenduko du, eta 3.000 euroko bidaia-poltsa emango dio. Gobernu Kontseiluak deialdia onartu, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, zenbait astetako epea egongo da hautagaitzak aurkezteko. Saria urtea amaitu aurretik emango da.