Eusko Jaurlaritzak 250 milioi euroko inbertsio programa berezia onartu du

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak 250 milioi euroko Inbertsio Programa Berezia abian jartzea onartu duela. Zenbateko horretatik, 170 miloi urte honetan bertan hasiko dira gauzatzen eta kopuru honi batu behar zaio 2021eko Aurrekontuetan inbertsioetarako jaso ziren 1.000 milioiak.

Zupiria sailburuak azaldu duenez, 2022ko Aurrekontuek gidalerroek aintzat hartzen dute datozen urteetarako apustu handiak sustatuko dituen inbertsio-plan handi bat diseinatzea eta abian jartzea. Plan horri esker, hiru trantsizio handiei berme osoz egin nahi zaie aurre, hala nola, trantsizio teknologiko-digitalari, trantsizio energetiko-klimatikoari eta trantsizio sozio-sanitarioari (azken horrek erronka demografikoa du giltzarri).

Horrela, Administrazioaren inbertsio-ahalmen gehigarria inbertsio-jarduera zehatzetarako erabiliko da eta lehentasun hauek izango ditu:

  • Gizarte-azpiegiturak: hezkuntzakoak, sozio-sanitarioak, kulturalak eta etxebizitzakoak. Proiektu horiek jasoko dute programaren % 50.
  • Azpiegitura ekonomikoak: industrialak, teknologikoak eta digitalak. Helburua da industriaren eta zerbitzu aurreratuen eraldaketa eta dibertsifikazioa areagotzea.
  • Azpiegitura energetikoak eta ingurumenekoak. Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoa energia berriztagarriko iturri berrien, biodibertsitatearen eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren buru izatea.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak, bere aldetik, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Hezkuntza sailari dagokionez, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleak eskolaratzen dituzten itunpeko ikastetxeei dirulaguntza zuzenak ematea, 15 milioi euro orotara. Laguntza hauen xedea da 2021-2022 ikasturtean Hezkuntza-laguntzako Espezialistak kontratatzeak eragindako gastuak finantzatzea.

Gobernu Kontseiluak, gainera, 2021-2022 ikasturterako Haur Hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten titularitate pribatuko haur-eskolentzat dirulaguntzak onartu ditu. Horrela, 24,5 milioi euro bideratuko dira zentrook mantentzen laguntzea, zerbitzu horiek erabiltzen dituzten familien kuotak gutxitu eta bateratzea, eta zerotik hiru urtera arteko haurrentzako eskola horietan ematen diren hezkuntza eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea.

Gobernu Kontseiluak 2021-2022 ikasturtean 0 eta 3 urte arteko umeentzako haur eskolen titular diren toki korporazioei dirulaguntzak ematea onartu. Horrela, 3,5 milioi euro bideratuko dira haur-eskola horiek mantentzeko kostuak finantzatzeko.

Gobernu Kontseiluak, halaber, heziketa zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan 2021-2022 ikasturtean zehar atzerriko hizkuntza indartzeko laguntza deialdi onartu du, 100.000 euroko diru-kopuruarekin.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak onartu du 500.000 euro jartzea espetxeetan edo baldintzapeko askatasunean zigortuta dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduratzeko proiektuetarako, baita askatasunaz gabetzen duen zigorraren betearazpena etenik duten pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduratzeko ere.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailari lotuta, Jaurlaritzak bioekonomiako berrikuntza‑proiektuetarako laguntzen deialdiaren agindua onartu du. Laguntza horiek hiru milioi euro baino gehiagokoak dira, eta helburu dute arlo honetan berrikuntzako lan frogagarriak eta lan‑pilotuak sustatzea.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du, baita txertaketa prozesuaren inguruko informazioa ere, besteak beste, errendimendu handiko txertaketa-guneen itxierari buruz mintzatu da.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena