Eusko Jaurlaritzak 3.480.000 euro aktibatu ditu gaur garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak laguntzeko

0

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratzen da oinarri arautzaileak ezartzen dituen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen jasangarria sustatzen duten udalei, mankomunitateei, kontzejuei eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko beste toki-erakunde batzuei (kuadrillak, eskualdeak, metropoli-eremuak, tokiko erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak, tokiko merkataritza-sozietateak, tokiko enpresa-erakunde publikoak, tokiko partzuergoak edo tokiko fundazio publikoak) diru-laguntzak emateko deialdia.

Diruz lagunduko diren ekintzak honako lerro hauekin lotutakoak dira:

a) Lurzoru kutsatuak. Lurzoruaren kalitatea ikertu, prebenitu eta berreskuratzeko lanak sustatzen dituzten ekintzak, hutsik dauden lurzoru artifizializatuen inbentarioak egitea barne.
b) Klima aldaketa. EAEn klima-aldaketaren ondorioak murrizteko ekintzak (berotegi-efektuko gasen isuri garbiak murriztea), CO2 xurgatzea eta egokitzea (plangintza eta ekintzak).
c) Natura-ondarea. EAEko aniztasun biologikoa eta geologikoa kontserbatzen, lehengoratzen edo hobetzen laguntzen duten ekintzak.
d) Ekonomia zirkularra. Tokiko eskalan zirkulartasuna sustatzen duten ekintzak.
e) Jasangarritasunerako hezkuntza. Tokiko Agenda 21 edo Tokiko Agenda 2030 eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak.

Lan horietan ia hiru milioi eta erdi euro erabiltzen dira, 3.480.000 zehazki. Eta irizpide honen arabera banatuko dira:

– Gehienez ere zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000) euro erabiliko dira lurzoru kutsatuen lerrorako.
– Milioi bat (1.000.000) euro gehienez, klima-aldaketaren lerrorako.
– Zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000) euro gehienez, natura-ondarearen lerrorako.
– Gehienez bostehun mila (500.0000) euro bideratuko dira ekonomia zirkularraren lerrorako.
– Gehienez laurehun eta laurogei mila (480.000) euro, iraunkortasunerako hezkuntzaren lerrorako.

Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuordetzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza arduratzen da laguntza horiek kudeatzeaz, IHOBErekin lankidetzan, eta bihartik hasita hilabetez eska daitezke.

Diru lerro horien helburua toki-erakundeei laguntzea da, udal-ekintza EAEko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen-lehentasunekin lerrokatu dezaten. Programa horrek Eusko Jaurlaritzak ingurumenarekin duen konpromisoa jasotzen du, eta Euskadi 2020 gobernu-programaren 15 plan estrategikoen artean dago: giza Garapen Iraunkorrean aurrera egitea.

Hauek dira laguntzen deialdi honen berritasunik esanguratsuenak:

Deialdi berrian klimari eta energiari buruzko planak egiteko diru-laguntzak emango dira, udal- edo eskualde-mailakoak izan.

Ekonomia zirkularraren ildoan egin dira aldaketa handienak, jarduera-tipologia berriak txertatu baitira. Honako hauek sartu dira:

  1. Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoko planak, autokonpostaje komunitarioari buruzko irizpena emateko, udalerriko bio-hondakinen kudeaketaren irtenbide orokor gisa.
  2. Tokiko erakundearen eskumeneko egiturazko amiantoaren kudeaketa.
  3. Erakunde onuradunak zuzenean sustatutako obretan hondakinetatik sortutako materialak erabiltzea, 2 b) artikuluan aurreikusitakoez bestelakoak. Diruz lagundu ahal izango dira bai obrako hondakinen erabilera zuzenak, bai obrari emandako hondakinetatik abiatuta aurrefabrikatutako elementuen erabilera. Kasu horretan, material prefabrikatu horien CE marka eskatuko da.
  4. Udal-eraikinak gaika eraisteko jarduketak, beira, igeltsua, material isolatzaileak eta fresatuak bereizita, hala dagokionean. Igeltsuzko hondakinen kasuan, alderantzizko logistika bat ezarriko da obratik hornitzailearen instalazioetaraino, bereizketa ez ezik korronte horren benetako balorizazioa ere bermatzeko. Kasu horretan, adierazten da eraispen-lanek gutxienez balorizatutako materialaren % 80 egiaztatu beharko dutela, EEH-Aurrezten bidez eta dagozkion dokumentuen bidez.
  5. Eraikuntza jasangarrirako udal-ordenantzak. Diruz lagundu ahal izango dira eraikuntza jasangarriko udal-ordenantzak idaztearekin lotutako aholkularitza-lanak, baldin eta ordenantza horiek diruz lagundutako jardueraren esparruan onartzen eta argitaratzen badira.

Gainera, kutsatutako lurzoruen lerroan betekizun berri bat sartzen da: aurreko deialdietan diruz lagundutako jarduerak ez dira diruz lagunduko justifikatu gabeko arrazoiengatik uko egin bazaio.

Laguntza hauen historikoa

2007tik 2020ra (biak barne) 1.802 proiektu lagundu dira diruz, 59,47 milioi euro guztira. Iaz 163 proiektu lagundu ziren diruz. Aurrekontu-zuzkidura, 3.400.000 euro, honela birbanatu zen:

Lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta berreskuratzeko 18 proiektuk 488.669,33 € jaso dituzte.
Klima-aldaketaren arloko 50 proiektuk 1.446.532,57 € jaso dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko natura-ondareko 28 proiekturi 715.495,75 euroko diru-laguntza eman zaie.
Ekonomia zirkularreko 22 proiektuk 341.365,71 € jaso dituzte.
Iraunkortasunerako hezkuntzako 45 proiektuk 326.732,79 € jaso dituzte.