Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro jarriko ditu espetxeratutako pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduratzeko proiektuetarako

0
PRUEBA

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 500.000 euro jarriko ditu espetxeetan edo baldintzapeko askatasunean zigortuta dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduratzeko proiektuetarako, baita askatasunaz gabetzen duen zigorraren betearazpena etenik duten pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduratzeko ere.

Diruz laguntzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoan espetxeetan edo baldintzapeko askatasunean dauden pertsona zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduratzeko proiektuak: esku-hartze psikoterapeutiko eta sozio-hezitzaileko programak; programatutako irteerak eta auzolandegiak; bizitegi- eta ostatu-baliabideak; drogazaleak gizarteratzeko baliabideak; prestakuntza- eta gaikuntza-zentroak; edo enplegurako orientazio- eta laguntza-zentroak. Ezinbesteko baldintza izango da proiektuak 2021. urtean egitea, akonpainamendu integralaren metodologia erabiltzea eta espetxeko zuzendaritzak aldez aurretik onartzea.

Oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeek eska dezakete diru-laguntza, eta horretarako hilabeteko epea izango dute, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Diru-laguntzetarako 500.000 euroko zenbatekoa handitu ahal izango da aurrekontu-aukeren arabera.