Eusko Jaurlaritzak Kumano Kodo erromes bidearen inguruko erakusketa inauguratu du Japoniako Mie Prefeturako Gobernuarekin lankidetzan

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak “Kumano Kodo: Iseji bidea” izeneko erakusketa inauguratu du Japoniako erromes bidearen inguruan. Irungo Oiasso museoan egin den ekitaldian Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, Irungo alkate Jose Antonio Santanok eta Oiasso museoko zuzendari Juanjo Jiménezek parte hartu dute.

2019ko azaroaren 7an MIE Prefekturako Gobernuko Hegoaldeko Garapenerako Bulegoak eta Eusko Jaurlaritzak Munduko Ondareko erromes-bideen trukeari eta lankidetzari buruzko memorandum bat sinatu zuten. Elkar ulertzeko memorandum honen helburua da erromes ibilbideei buruzko elkarlana eta lankidetza sustatzea, hainbat ekimen kulturalen bitartez informazioa eta trukea zabalduz.  Hitzartutako ekimenetako bat izan zen erromes-bideen argazki erakusketak antolatzea, hau da, Euskadin Kumano Kodoko Iseji bideari buruzko erakusketa, eta MIE Prefekturan Euskadiko Santiagoko bideei buruzkoa.

Euskadiko Santiagoko bideei buruzko argazki-erakusketa MIE prefekturako Kumano Kodo Center-en egin zen. 2020ko martxorako aurreikusita bazegoen ere, COVID-19a dela eta, 2020ko abenduaren 5 eta 2021eko urtarrilaren 31 bitartean egin zen. Ordutik, beste hainbat zentrotan ere egon da ikusgai, besteak beste, Wakayama prefekturako Kumano Hongu Heritage Center eta Shima Spain Village-eko Xavier Gaztelu-Museoan. Bertan Santiagoko bidean dauden  ondare-elementuen 50 argazki eta erromes bideari buruzko hainbat azalpen eta bestelako elementu esanguratsuak erakutsi ziren.

Orain Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Japoniako Kumano Kodoko Iseji bideari buruzko erakusketa bat prestatu du. Hemen ere, bideari buruzko 50 argazki eta azalpenak jaso dira.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarentzat erromes bide biek “ondare material eta immaterial aberatsa gordetzen dute. Erakusketa hauek herrien eta mundua osatzen duten errealitate ezberdinen arteko kultura-ezagutza eta trukerako aukera ere badira. Eta erakusketa honekin lortuko dugu Japoniako kultura ondarera, tradiziora eta paisaietara hurbiltzea”.

Irungo alkatearen hitzetan, «Done Jakue Bideak tradizio handia du gure hirian, eta Irungo kultur erakargarritasun historikoaren parte da. Europako erromesen sarrera gara, eta, alde horretatik, pozgarria da Euskadin barrena egingo den eta mendeetako historia duten kulturen topaketa irudikatzen duen erakusketa hain berezi honen lehen geralekua izatea ere «.

Kumano Kodo bidea

Kumano Kodo edo Kumano bidea, Kii mendietan dauden Kumanoko hiru santutegi handiak lotzen dituen erromesbide sare zabal bat da. Kumanoko Hongu-taisha, Hayatama-taisha eta Nachi-taisha santutegiek osatzen dute Kumano Sanzan bezala ezagutzen den toki sakratua.

Erromesbide horietako bat Iseji Ibilbidea da, Mie prefekturako Ise-jingu Santutegia, japoniarrentzat oso berezia den toki sakratua, Kumano Sanzanekin (Wakayama Prefekturan) lotzen duen bidezidorra.

2004an UNESCOK Gizateariaren Ondare izendatu zituen Kumano Sanzan, bere erromes-bideak eta gizateriak eta naturak sortutako paisaia kulturala, Koyasan (Wakayamako Prefekturan) eta Yoshino eta Omine (Narako Prefekturan) toki sakratuekin batera. Donejakue bidearekin batera, izendapen hori duen erromesbide bakarra da, eta, horregatik, 1998az geroztik, bi bideak senidetuta daude.

Iseji ibilbideko berrogeita hamar argazki hauek Kumano Kodoren ikuspegi kulturala, natura, historia eta ondarea jasotzen dituzte: zolatutako bidezidorrak, harrizko monumentuak, Budaren irudiak eta itsaso eta mendien paisaia eszenikoak. Terrazetako arrozondoak eta te sailak, bestalde, pertsonen lanaren eta naturaren arteko aliantzaren ondorioz sortzen den edertasunaren erakusgarri dira. Belaunaldiz belaunaldi egin diren jaialdi tradizionalak ere aurkezten dira.

Erakusketa urriaren 17ra bitartean egongo da ikusgai Irungo Oiasso Museoan eta ondoren Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoa, eta Arabako Arkeologia museoan ere ikusgai egongo da.

Hitzaldia

Oiasso Museoak erakusketaren inguruko hitzaldi bat ere hartuko du. Irailaren 30ean Basagaitz Guereño Omil, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean irakasle arduradunak “Espazio sakratua ondare-leku bihurtzen denean: erromesaldia, gurtza eta turismoa Iberiar penintsulan» hitzaldia eskeiniko du. Berak, lehenik eta behin, erlijio-ondarearen ikuspegi historikoa aurkeztuko du, erromesaldi erlijiosoen gorakada ardatz hartuta, bai eta erromesaldi horiek leku erlijiosoen eraikuntzan eta bilakaeran izan zuten eragina ere. Bigarrenik, Donejakue Bidearen kasua aztertuko da, eta hori eraikitzen duten lekurik esanguratsuenak bilakaera horren adibide gisa aurkeztuko dira.