Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak ohartarazi duenez, “merkatu digitalen eraldaketak ondorio kaltegarriak izan ditzake lehiakortasunean eta, ondorioz, etorkizuneko berrikuntza-aukeretan”. Hori saiheste aldera, uste du lehiaren eskubideak tresna eraginkorra izan behar duela “plataforma digitalen merkatuaren boterea orekatzeko”.
Azpiazuk iritzi horiek eman ditu Lehiaren Euskal Agintaritzak, Fullbright elkarteak eta Deusto Business Alumnik antolatuta Deustuko Unibertsitatean egin den “Ekonomia Digitala eta Lehia” jardunaldiaren amaiera-ekitaldian.
Bere hitzaldian, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak nabarmendu du iraultza digitalak araudi tradizionalaren zati handi bat “eraldatu” duela. Ildo horretan, gogorarazi du Europako Batzordeak lehiaren eskubidearen helburuak indartu dituela eta, horretarako, zerbitzu digitalei eta merkatu digitalei buruzko bi arau-proiektu espezifiko argitaratu dituela, betiere merkatu bidezkoagoak eta irekiagoak lortzearren eta berrikuntza, hazkundea eta lehiakortasuna sustatzearren.
Sailburuak adierazi duenez, “arau horien helburua da merkatu bakarrera sartzeko zaindari bihurtu diren plataforma handiek ezarritako baldintza bidegabeak debekatzea”, eta erantsi du mundua hamarkada digitala deiturikoan murgilduta dagoela. “2020an hasitako koronabirusaren pandemiari erantzuteko gertatu zen teknologia-baliabide digitalen hedapen azkarrak are gehiago bizkortu du joera hori”.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren alde egin duen apustua gogorarazi du Azpiazuk, “urtez urte agerian geratzen baita apustu hori gure aurrekontuetan”. Izatez, aurrekontuetan jasotako zenbatekoen garrantzia azpimarratu du: iaz % 9,7 handitu zen I+Gko inbertsioa, eta 47 milioi baino gehiago hazi zen —536 milioi euroraino iristeko—.
Sailburuaren hitzaldiaren eduki osoa erantsitako pdf formatuan.