Jokin Bildarratzek hasiera eman dio “Gelatik mundura” jardunaldiari

0

Jokin Bildarratz sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordea lagun zuela, “Gelatik mundura, ikas-konpetentziak ikusgai” izenburuarekin Hezkuntza Sailak antolatu duen jardunaldiari irekiera eman dio gaur arratsaldez. Bi egunez (irailak 29 eta 30) eta arratsaldeko saioetan, jardunaldiak hezkuntza arloko 750 profesional inguru elkartuko ditu. Batzuk aurrez aurre, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan, eta euren lantokietatik sare telematikoen bidez konektaturik gehienak.

Izenburuak berak argi dioen eran, ikas-konpetentziek eta hauek curriculumean duten isla izango da gai nagusia jardunaldian. Hausnarketarako bezala esperientziak elkarrekin partekatzeko ere baliagarri izango den gune honetan hamaika galdera egin eta erantzunak aurkitzen saiatuko dira hezkuntzako aditu eta profesionalak: Curriculumaren berrikuspena egiteko garaian egonik, nondik hasi? Curriculumean hainbeste aipatzen diren konpetentziak nola islatzen dira gelako esku-hartzean? Zer dira, zehazki, ikas-konpetentziak?

Ikaslea erdigunean

Jardunaldiari hasiera emateko hitza hartu duelarik, Bildarratz sailburuak nabarmendu du “elkarrekin ikasten jarraitzeko gogoak batzen gaitu hemen”, eta etorkizuneko hezkuntzaren erronkak eta aukerak definitzerakoan, hiru ardatz azpimarratu ditu bere hitzaldian: ikaslea –erdigunean egon behar duena-, irakaslea eta euskara ardatz duen eleaniztasuna.

Garai aldakor hauetan, eta ikasleei dagokienez, sailburuak azaldu duenez, sortzen den lehen galdera da “zeintzuk izango dira gure ikasleen beharrak, etorkizunari begira?”. Honetan, ikasleek eta gazteek behar duten gizartearekiko konpromisoa nabarmendu du Bildarratzek, “euskal herritar solidarioak” hezi beharra, “ondo formatuak, hezkuntza integralean”. Honetarako elementu inportantetzat ebaluazio hezitzailea jo du sailburuak. Ikasleak era berean inguruarekiko atxikimendua ere behar du. “Ikasleak, konpetentziak bereganatu behar ditu eta bere ikasketa prozesuaren jabe izan. Ezagutzarekiko atxikimendua sustatu nahi dugu gure ikasleengan, argudiatzeko gaitasuna. Kultura zientifikoa izan dezaten, teknologiekiko estimua ere bai, baina aldi berean bere inplikazio etiko-soziala eta ingurumenarekiko lotura izango duena”.

Aipaturiko bigarren ardatzaren inguruan, sailburuak azaldu du aukera berriak ari direla zabaltzen hezkuntzako profesionalentzat, eta ko-irakaskuntza praktikatzeko aukera aipatu du, horien artean. “Irakaskuntzarako formatu eta esku-hartze berriak garatu eta esperimentatu behar ditugu. Curriculuma aukera bikaina da horretarako”, azaldu du.

Azkenik, “euskal eleanitzak hezteko apustua” izan du hizpide, hirugarren ardatz gisa. Hezkuntza eleaniztasunak euskara izan behar duela ardatz gogorarazi du sailburuak, eta gai honetan agertzen diren bi elementu nabarmendu: ezagutza eta erabilera. “Oso inportantea da irakurketa planak martxan jartzea, ikasleen irakurtzeko gaitasuna lantzea. Klaustroetan lantzeko elementu garrantzitsuak dira hauek”. Hizkuntzez ari zela, Bildarratzek nabarmendu du metodologiak aplikatzerakoan kontuan hartu beharreko elementua dela ikasle gehienek ez dutela familia-hizkuntzan ikasten, hau da, euskara ez dela euren lehen hizkuntza ikasle gehienentzat.

“Gure apustua da konfiantzazko hartu-emanean oinarritua egongo den ikasteko kultura berri bat bultzatzea. Formazioa, berrikuntza eta ikerkuntza. Proiektuak lankidetzan eraikitzea ahalbidetuko duena”, baieztatu du.

Jardunbide egokiak

Bi egun hauetan, adituen hitzaldiez gain, euskal ikastetxeetako hainbat arduradunen azalpenak ere izango dira Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan. Bertaratutakoekin partekatuko dituzte konpetentzien bidezko hezkuntzaren arloan euren ikastetxeetan gauzatzen ari diren esperientziak eta jardunbide egokiak, horretarako garatu dituzten proiektu zehatz eta errealen bidez.

Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan nahiz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan egiten diren praktikak dira. Gaur arratsaldeko azalpenen artean Gasteizko San Martin ikastetxe publikoaren «STEAM proiektuak, ikuspuntu inklusibotik» esperientzia dago. Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendutako proiektu honek Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi sarietako bat lortu zuen iaz, sariketaren lehen edizioan.

Bihar osteguna, Neus Sanmartí irakaslearen hitzaldiak emango dio hasiera jardunaldiari: «La evaluación, trampa o trampolín» (Ebaluazioa, tanpa ala aukera”). Sanmartí irakaslea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradun emeritua da, Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailean (Hezkuntza Zientzien Fakultatea), eta Bartzelonatik arituko da online .

 

Jardunaldien egitarau osoa hemen ikus daiteke