Ertzaintzak zaintzako eta herritarrak babesteko lanak egiten ditu itsas bidaietako ontzien Getxoko terminal modernistan

0

Kaiak jarduera berreskuratu du, Euskadira hilabetean zortzi ontzi iritsi baitira

Ertzaintzako Herritarren Babeserako agenteek eta Zaintza eta Erreskate Unitateak segurtasun eta zaintza lanak egiten dituzte itsas bidaietako ontzi bat Bilbo-Getxoko portuko terminalaren instalazioetara iristen den bakoitzean. Agenteek Euskadin lur hartzen duten itsas bidaiarien segurtasun beharrak edo eskaerak artatzen eta zaintzen dituzte.

Itsas bidaietako ontzien Getxoko kaiak iraileko azken aste honetan berreskuratu du jarduera, nazioarteko zortzi ontzi iritsi baitira Bilboko portuko instalazio abangoardista eta garrantzitsu honetara. Nazioarteko gurutzaontzi handi horietako bat iristen den bakoitzean, Ertzaintzako Zaintza eta Erreskate Unitatearen ontzi batek laguntzen dio portuan sartzen bertan amarratuta geratu arte.

Gero Getxoko mugapeko herritarren babeserako agenteek zaintzen eta babesten dute turistek Euskadira egiten duten bisitan lur hartzeko une hori. Instalazioetako aparkalekuan bertan autobus bat hartzen dute gure lurraldean aurreikusita duten eguneko plana betetzeko. Ertzaintzak Herritarren Arretarako Bulego bat (HAB) du terminalean bidaiarien kontsultei edo eskaerei erantzun ahal izateko.

Osasunaren arloko segurtasun-neurri guztiak betetzen dituen instalazio handia

Bilboko portuaren datuen arabera, 2019an, pandemia hasi aurretik, instalazio honetara 50 gurutzaontzi eta 55.448 itsas bidaiari iritsi ziren, gehienak estatubatuarrak, alemaniarrak eta britaniarrak. Iaz jarduera bertan behera geratu zen koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, baina orain Euskadi berriz kokatu da nazioarteko konpainia handien bidean. Abuztuaren 31tik datorren igandera, urriaren 3ra, bitartean, zortzi gurutzaontzi iritsiko dira portu honetara.

Ertzaintzak, gainerako agintariek eta langileek zaintzen dituzte instalazioak behar bezalako estaldura emanez. Bidaiarien sarrera eta irteeratarako eskailera ezberdinak dituzte, eta horrek erraztu egin ditu bi solairuetako, ekipaje guneko eta gainerako areto eta geletako joan-etorriak.

Bestalde, Bilboko Portuko Agintaritzak bidaiarien segurtasuna eta osasuna bermatzeko prestatu ditu Getxoko gurutzaontzien terminaleko instalazioak, eta instalazioen zoruan eta osasun-aretoetan ibilbideak seinaleztatu dituzte. Bertako langileek eta itsas bidaiariek etengabe bete behar dituzte ezarritako osasun-arauak, besteak beste, maskara eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea eta tarte soziala gordetzea.

Gurutzaontzien Getxoko itsas geltoki modernoa 2017an inauguratu zen, eta 3.200 metro karratu erabilgarri ditu. Beiraz hornitutako kontainer moduko bat da, handia, arina eta oso argia.