Hobekuntza genetikoa Latxa, Manex eta Euskal-Biarnes ardi esnearen ekoizpena kontserbatzeko eta babesteko

0

Pirinioetako esnetarako ardien arraza autoktonoek –Latxa, Manex eta Euskal-Biarnesa– balio ekonomiko eta sozial handia dute, baina mehatxatuta daude ekoizpen sistema askoz intentsiboak dituzten beste arraza batzuen presentziagatik. Espezie horiek, esaterako, Assaf edo Lacaune espezieek, merkatuaren eskaera gero eta handiagoari erantzun diezaiokete, baina beren produktuek ez dute Idiazabal, Erronkari eta Ossau-Iraty kalitate marken bermerik, eta beren ekoizpen sistemek ere ez diote gizarteari balio ekosistemikorik ematen (paisaia mantentzea, etab.).

Ildo horretan, NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, ARDI proiektua koordinatu du: mugaz gaindiko ekimena da, Euskal Herriko esne ardien arraza autoktonoen kontserbazioa bermatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko, hobekuntza genetikoaren bitartez, asentamendua eta ustiapena indartuz.

Proiektuaren emaitzak gaur aurkeztu dira, Beasaingo Igartza Jauregian (Gipuzkoa), eta ekitaldian izan dira Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea; Itziar Gomez, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko sailburua, eta Andde Sainte Marie, Akitania Berriko Euskal Eskualdeko Mendiko kontseilari erregionala.

Oroz sailburuordeak adierazi duenez, ARDI bezalako proiektuek zentzua dute sektorearen eskutik planteatzen, diseinatzen eta gauzatzen direnean, sektoretik ahalik eta hurbilen egonda. «Gai izan behar dugu sektoreari bere benetako arazoetarako irtenbideak ematen teknologia berrien inplementazioaren bidez, Euskadiren kasuan Neikerrek garatzen duen bezala. Eusko Jaurlaritzak beti babestuko ditu Euskadiko lehen sektorearen lehiakortasuna handitzea helburu duten proiektuak, are gehiago mugaz gaindiko lankidetzatik diseinatzen eta jorratzen badira«.

Ahal den neurrian, esne eskaririk handiena bertako esnearekin asetzen saiatu behar dugu. Horregatik, urte askotan hautapen eskemen inguruan lan egin dugu esne gehien ematen duten bururik emankorrenak identifikatzeko, arraza horien ekoizpen estentsiboaren eskemaren barruan”, azaldu du Eva Ugarte, ARDI proiektuaren arduradunak.

Ebaluazio genomikoa

Latxa arrazarentzat, ARDI proiektuak ezartzea lortu duen berrikuntza nagusia ebaluazio genomikoa izan da. Horretarako, Iparraldearekin elkarlanean aritzea funtsezkoa izan da, Manex arrazan eginda baitzuen hautapena.

Eskema klasikoan, animaliarik onenak identifikatzeko, animalia bakoitzak zenbat esne ekoizten duen, zein baldintzatan ekoiztu duen (artaldea, urtaroa, arkume kopurua, etab.) eta zuhaitz genealogikoa hartzen dira kontuan. Oraingo berrikuntzaren oinarrian dago informazio iturri berri bat gehitzea: informazio molekular edo genomikoa -odol analitika batekin lortua-, animalien DNAren barruko 50.000 puntu desberdinei buruz. Horrela, askoz ere informazio gehiago eta zehatzagoa dugu”, gehitu du Eva Ugartek.

Informazio hori abeltzaintza jabeei zabaltzen zaie, ondorengo belaunaldien guraso gisa zein buru erabili behar dituzten erabakitzen laguntzeko. Gainera, arrik onenak hazia ekoizteko intseminazio zentroetan sartzen dira eta, ondoren, nahi duten abeltzainen artean banatzen da.

Proiektuaren esparruan lortu den beste mugarri bat da esnean koipe eta proteina gehien duten animaliak identifikatzeko modua aldatzea lortu dela. Datu hori garrantzitsua da, ardi horien esnearen %99 gazta ekoizteko erabiltzen baita. Horrela, esne kantitateagatik ez ezik, esne horren koipe eta proteina profilagatik ere hauta daitezke animaliak, alderdi horiek erabakigarriak baitira gaztak egiteko.

Gainera, ARDI ekimenaren barruan aurrera egin da Pirinioen bi aldeetako ardien arrazaren estandarra eta errape kalifikazioa bateratzeko eta harmonizatzeko bidean. Hau da, lortu da identifikatzea zein parametro aukeratu eta nola kalifikatu, irizpide bateratu bat ezarriz, hau da, ardi batek 7ko nota lortzen badu parametro batean, adibidez, 7 horrek gauza bera esan nahi du mugaren bi aldeetan. Hori garrantzitsua da, izan ere, bi populazioetan “neurri oneko” errapeak bilatzen dira, “ondo txertatuak, abdomenetik ez eroriak, esne kantitate ona ekoizteko gaitasuna dutenak. Halaber, baloratzen dira gaixotasun gutxi edukitzea, jezteko makinetara ondo egokitzea eta arkumeei titia emateko egokia izatea”, zehaztu du ARDI proiektuaren arduradunak.

Ekosistemarentzako onurak

ARDIren berrikuntzek Pirinioetako mendebaldeko esne ardi autoktonoen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, eta kontzeptu horretan esnearen ekoizpen hutsa baino askoz gauza gehiago sartzen dira, izan ere, Latxa, Manex edo Euskal-Biarnes ardiek ematen dutena oso onuragarria da ekosistemarentzat.

Oso kalitate oneko produktuak egiteko esnea emateaz gain, esaterako, Idiazabal edo Ossau-Irati gaztak, arraza horiek lagundu egiten dute landa ingurunearen jarduera ekonomikoa eta soziala mantentzen, paisaia mantentzen dute, eta mendia garbitzen eta ongarritzen dute, eta horrela, gure ingurunearen biodibertsitatea sustatzen dute”, azpimarratu du Ugartek.

Etorkizunerako prestatzen

Aldi berean, etorkizunera begira, proiektuko bazkideen ikerketak ezaugarri ez-produktiboen oinarri genetikoak identifikatzera bideratuta daude, hala nola sendotasuna, landatartasuna edo klima aldaketari aurre egiteko gaitasuna abeltzaintza sektorean.

Ugartek argitu duenez, “animalia horiek belardietan eta mendietan egoten dira. Hautapena soilik esne ekoizpenean oinarrituta egiten bada, beste ezaugarri garrantzitsu batzuk alde batera utz ditzakegu, hala nola giro baldintza txarretara egokitzea, mendian larratzeko gaitasuna arnas lesiorik edo arnasketa arazorik sufritu gabe edo beste batzuk. Funtsean, animaliak sendoak izaten jarraitzea eta klima aldaketara ondo egokitzea behar dugu”.

Egitasmoaren liderra NEIKER-Tecnalia da, eta bertako kideak dira Frantziako INRA (Nekazaritza Ikerketako Erakunde Nazionala), IDELE (Abeltzaintzako Erakundea) eta CDEO (Departamenduko Ardi Aziendaren Zentroa); Nafarroako ASLANA (Nafarroako Latxa Arrazako Hazleen Elkartea); eta ARDIEKIN (Latxa eta Karrantzar arrazetako ardien Hautapen eta Intseminazio Artifizialeko Zentroa).

Mugaz gaindiko lankidetza

Ekitaldian, proiektuaren esparruan lortutako mugarri nagusiak aurkezteaz gain, etorkizunean lanean jarraitzeko mugaz gaindiko erakundearen eraketa sinatu da, arraza horiek kontserbatzeko eta onura nagusiak babesteko, kudeaketa bateratua bultzatzeko eta genetikoki hobetzeko. Erakundeko kideak dira Confelac (Ardi Latxa eta Karrantzarreko azienda hazleen elkarteen konfederazioa) eta Société Coopérative Agricole Centre Dédepartamental de l ‘Evelage Ovin elkarteak.

Erakundearen erronkak dira bi arrazetan berrikuntza eta lehiakortasuna dinamizatzea, helburuan interesa duten ikerketa, garapen eta prestakuntza zentroekin eta administrazio eskumendunekin lankidetzan aritzea, I+G programen emaitzak eta berrikuntzak Latxa arrazako abeltzainei zabaltzea, eta arrazak kualitatiboki zein kuantitatiboki hobetzeko neurriak sustatzea eta garatzea.

NEIKER, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko erakunde publikoa, ARDIren koordinatzailea da, mugaz gaindiko lankidetzarako POCTEFA 2014-2020 proiektuen 2. deialdiaren barruan. Horretan, NEIKER koordinatzaileaz gain, kide hauek parte hartzen dute: INRA (Nekazaritza Ikerketako Erakunde Nazionala), IDELE (Abeltzaintzako Erakundea), CDEO (Departamenduko Ardi Aziendaren Zentroa), ASLANA (Nafarroako Latxa Arrazako Hazleen Elkartea) eta ARDIEKIN (Latxa eta Karrantzar arrazetako ardien Hautaketa eta Intseminazio Artifizialeko Zentroa). Proiektuaren aurrekontu totala 1.155.072 € da, eta POCTEFAk horren %65 laguntzen du diruz.