Idoia Mendiak eta Aragoiko Gobernuak diru-sarrerak bermatzeko sistemetan BGDS integratzeko izandako esperientzia partekatu dute

0

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburu eta lehendakariorde Idoia Mendiak eta Aragoiko Gobernuko Herritartasun eta Gizarte Eskubideen sailburu María Victoria Brotok elkarrekin kontrastatu dituzte diru-sarrerak bermatzeko sistemetan Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (BGDS) txertatzeko esperientziak; halaber, bi gobernuek urrats handitzat jo dute Espainia osoan gizarte-babeseko lurzoru komuna izatea.

Bi sailburuak bi gobernuen ordezkaritzen buru izan dira Zaragozako bigarren lan-jardunaldian. Mendiarekin batera, Enpleguko sailburuorde Alfonso Gurpeguik eta Lanbideko zuzendari nagusi Gloria Múgicak ere parte hartu dute.

Mendiak Euskal Autonomia Erkidegoak diru-sarrerak bermatzeko errentarekin izan duen esperientzia azaldu du: hasierako gizarteratzeko gutxieneko diru-sarreretatik hiru hamarkadatik gorako ibilbidean, eskubide bihurtuz joan da diru-sarrerak bermatzeko errenta. Gaur egun 380 milioi euroko inbertsio soziala eragiten du, eta beste 75 milioi bideratzen dira Etxebizitzako Gastuak Osatzeko Prestaziora, eta une honetan 53.000 etxetara heltzen da eta ia 100.000 onuradun ditu.

Eredu horrek, gaineratu duenez, modernizazio-prozesu bat behar zuen errealitate berriei aurre egiteko, eta horri gehitu behar zaio BGDS integratzeko beharra: «inor atzean ez geratzeko helburura heltzeko bidean aurrerapen handia da, eta, horrela, adierazpen horrekin agertzen da Eusko Jaurlaritzaren programan».

Azaldu duenez, gainerako erkidegoetan ez bezala, Euskadik bere gain hartu zuen BGDS kudeatzeko gomendioa −Aragoik, adibidez, zuzeneko sistema osagarri baten alde egin zuen−. Hala, Espainiako Gobernuak Euskadirekin egindako akordioaren ondorioz, kudeaketa-gomendio eredu hori arazoak ematen ari da kudeaketari dagokionez, izan ere, «bi zuzendaritzen artean informazioa etengabe trukatzea dakar horrek, eta hori ez da oso praktikoa BGDS behar duten pertsonentzat».

Hori dela eta, ondorio hau atera du: «Diru-sarrerak bermatzeko errentaren eredua modernizatzeko genuen premiari prestazio berria integratzeko premia gehitu zaio».

Lehendakariordeak berriz ere eskerrak eman dizkio Aragoiko Gobernuari −Francisco Javier Lambán Aragoiko Gobernuko presidenteak egin zion harrera atzo−, esperientziak eta proiektuak partekatzeko balio izan duten bi lan-jardunaldi horiengatik.