Astekonomia elkarteak euskal etxeen konfiantzaren hobekuntza, azalera handietako salmenten murrizketa eta hipoteken bilakaera jaso ditu gaur

0

Astekonomia txostenak eskaintzen duen adierazle ekonomikoen asteko laburpenak euskal etxeen aldartea jasotzen du gaur, ostirala, ikuspegi sozio-ekonomikoari dagokionez. EAEko familien konfiantza hobetu egin zen 2021eko hirugarren hiruhilekoan. Laboral Kutxak egiten duen adierazle hori 5 puntura igo zen aldi horretan, eta aurreko hiruhilekoko hobekuntza sendotu du. Daturik onenak ekonomia orokorraren eta langabeziaren balorazioan lortzen dira.

Bestalde, saltoki handietako eta elikadura-kateetako salmentak % 6,4 murriztu ziren abuztuan. Beste jarduera batzuetan ez bezala, saltoki handietako salmentek gora egin zuten nabarmen pandemiaren garaian, eta orain aurreko urteetako mailetara itzuli dira.

Eta, azkenik, laburpen horrek etxebizitzen gainean eratutako hipoteken kopuruari erreparatzen dio, uztailean % 12,6 murriztu baitzen urte batetik bestera. Hala ere, hilabete horretan formalizatutako 1.762 hipotekak azken hamaika urteetako uztaileko bigarren kopururik handiena dira. Bestalde, uztailean mailegatutako kapitala aurreko urtekoa baino % 11,6 handiagoa izan zen.

Asteroko laburpen hau Ekonomia Zuzendaritzak egiten du, «Astekonomia» izenarekin, eta gutxi gorabehera minutu bateko iraupena duten bideo hauen oinarria da. Horrela, Ekonomia eta Ogasun Sailak mota horretako edukiak hedatzeko modu berri bat eskaintzen du; kasu honetan, ikus-entzunezko formatuan. Bideo horiek Sail honek sare sozialetan (Instagram, Lindekin, Youtube eta Twitter) eta Irekian dituen profiletan partekatzen dira.