Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu du ekitaldi instituzional sinboliko batekin Basaurin

0

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru espetxeak, Zaballa (Araba), Basauri (Bizkaia) eta Martutene (Gipuzkoa), gaurtik aurrera euskal administrazioaren azpiegitura gisa identifikatzen dituen Eusko Jaurlaritzaren armarria dute. Hiru zentroek beren identifikazio-errotuluak aldatu dituzte, eta Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren ordez Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Departamentuaren ikurra jarri dute. Horrela, espetxe-kudeaketaren titulartasun-aldaketa aurrera eraman da, urriaren 1ean transferentzia gauzatu baita.

Beatriz Artolazabal sailburua izan da gaur goizean Basaurin egin den espetxe-erantzukizunak bere gain hartzeko ekitaldi sinboliko baten buru eta bertan izan dira hiru espetxeetako zuzendariak: Vicenta Alonso (Basauri), Benito Aguirre (Zaballa) eta Marian Moreno (Martutene). Artolazabalek, berriz, Justizia Taldea izan du lagun, Ana Agirre sailburuordea, Eugenio Artetxe Justiziako zuzendaria eta Jaime Tapia espetxe aholkularia buru dituela. Sailburuak hiru zuzendaritzei jakinarazi die beren karguetan jarraituko dutela.

“Gaur egun historikoa da, berrogei urte geroago Gernikako Estatutuaren eskumen garrantzitsu bat gauzatu baita. Gaur ere euskal espetxeen bizitzako beste egun bat da. Egun historiko bat, baina beste lanegun bat eta zerbitzu publiko bat ere bai, presoek beren egunerokotasunean diferentziarik izan ez dezaten”, hasi da Beatriz Artolazabal ekitaldiaren hasieran azaltzen.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak etorkizuneko ibilbide honetan funtsezkotzat jo du “euskal espetxeetan ondo egindako lana aprobetxatzen jakitea”. Dioenez, oinarri horrekin lan egin daiteke “kudeaketa hurbilago batek parekatuta ekarriko dituen hobekuntzak gauzatzeko, autogobernu-hamarkada hauetan beste transferentzia batzuekin gertatu den bezala”.

Sailburuak azaldu duenez, lan honen ardatz nagusiak genero-ikuspegia, biktimentzako arreta eta giza eskubideen defentsa dira. Eta, gainera, gehitu du “Justizia modernizatzea eta talde ahulenekiko hurbiltasuna”, baita “presoen gizarteratzea eta laneratzea prestakuntza-ikuspegitik lortzeko bokazioa” ere.

Artolazabalek Aukerak Laneratzeko Euskal Elkargoari buruz ere hitz egin du. Atzo onartu zen Eusko Legebiltzarrean. “Ikusten duzuenez, bere izena (Aukerak) asmo-adierazpen bat da jada” onartu du, eta, aldi berean, Benito Agirreren, Marian Morenoren eta Vicenta Alonsoren lana baloratu du, eta eskerrak eman dizkie “espetxe-kudeaketaren eremu konplexuan lan egiteko” emandako laguntzagatik.

“Espetxe-eredua, zeinaren oinarriak Eusko Legebiltzarrean adostasun handiarekin onartu baitziren, gaur hasi da pausoak ematen. Presarik gabe, baina etenik gabe. Argi daukagu gure hasiera eta badakigu nora iritsi nahi dugun. Harrotasunez begiratzen dugun ispilua Gazte Justiziaren euskal sistema da. Haren balioek eta esperientziak inspiratu egiten gaituzte”, adierazi du.

Artolazabalek Basauriko espetxeko plakak eta armarria desestali ditu Eusko Jaurlaritzaren logoak sartuta. Ondoren, lan-bilera egin du Bizkaiko eta Martuteneko zuzendariekin eta Zaballakoarekin.

Bilera horretan, sailburuak hiru dokumentu eman dizkie, eta lehenengo lan-bileran aztertu dira. Bertan barne araubideko eta segurtasuneko eskuliburuari buruz hitz egin dute, espetxeetako profesionalen kidegoari estaldura juridikoa ematen diona. “Segurtasun-neurrien aplikazioan jarrera defentsiboa saihestu nahi dugu, neurri terapeutiko eta hezkuntzakoen alde eginez”, azaldu du, eta gaineratu du neurriak “giza eskubideak babesteko nazioarteko estandarren arabera” hartuko direla.

Hizpide izan den bigarren dokumentua espetxe-kudeaketari buruzko eskuliburua da, askatasunik gabe dauden pertsonen eskubideen erabilera bermatzen duena eta errehabilitazio soziala bultzatzen duena, “zigor-betearazpeneko sistema humanitario baten aldeko apustua eginez”.

Eta azken puntua espetxean esku hartzeko eskuliburua izan da. Bertan, esku hartzeko egungo programak biltzen dira, eta etorkizunean ekimen berriak sartzea aurreikusten da, batez ere Justizia Berrezitzailearen programa bultzatzeko.

Espetxeetako datuak

Urriaren 1ean, EAEko hiru espetxeetan 1.387 pertsona bizi dira: 778 Zaballan, 326 Basaurin eta 283 Martutenen. Horietatik 80 emakumeak dira, 56 Araban eta 24 Gipuzkoan.

Erregimen irekiari dagokionez, Martutenen 99 pertsona daude; Zaballan, 90, eta Basaurin, 185.

Azkenik, gaur egun 593 langile daude espetxeetan lan egiten, 469 gizonezkoak eta 124 emakumezkoak.