Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen ematea zabalik da

0

Mintzalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik da eta urriaren 18an amaituko da, beraz, euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen webgunea izango da. Horrez gain, Bagera elkartean (Hernani kaleko 15. zenbakian) ere egin daiteke. Informazio gehiago 943005074 telefono zenbakian edo mintzalaguna@bagera.eus helbidean eskura daiteke.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziak euskara praktikatu nahi duten donostiarrak egitasmoan parte hartzera animatu ditu. “Euskaraz gehiago hitz egin nahi baduzu, edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi baduzu, hau da zure aukera. Mintzapraktika hiruzpalau laguneko taldeetan elkartuta egiten da eta parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea (B.1 mailatik gora) eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea”. Udaleko Euskara Zerbitzuak Bagera elkarteari emandako diru laguntzari esker, ikasturte osorako kuota eskuragarria dela oso gogoratu du Insaustik.