Añanako “Labean espazioa” aurkeztu da

0
PRUEBA

Gaur goizean inauguratu da Arabako Kuartango udalerrian Añanako Labean Espazioa, eta espero da erreferentziazko gune bihurtuko dela landa-eremuan ekintzailetzako eta berrikuntza sozialeko ekintzak garatzeko. Espazio horrek herritar guztien eskura jarriko ditu teknologia eta lan-metodologia berritzaileak, eskualdea eraldatu eta tokiko komunitatean aurrerapenak egiteko.

Espazio hau beste mugarri bat da 2019an Euskadiko landa-eremuaren garapena sustatzeko Labean programarekin hasi genuen ibilbidean. Ordutik hona, eskualdeko premiei modu berritzailean eta elkarlanean erantzuteko soluzioak definitzea ahalbidetu duten zenbait analisi egin dira. Gaur aurkezten dugun zentro hau soluzio horietako bat da”, adierazi du Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek.

Labean Espazioaren instalazioetan tresna telematikoak daude komunitatea osatzen duten eragile, erakunde, enpresa, eta abarren arteko konexioa eta sareko elkarlana errazteko. Helburua da bermatzea IKTak edo teknologia berriak erabiltzeak pertsonen bizi-kalitatea hobetu eta herritarren parte-hartzea areagotzen duela. Edonola ere, ez da espazio isolatu bat: Añanako gunea Euskadiko landa-eremuko espazioen sarearen barruan dago. Sare horrek, Labean programaren babespean, aukera emango du ekintzaileen, tokiko erakundeen, elkarteen, eta abarren artean berrikuntza sozialeko ekimen eta proposamenak harremanetan jarri eta konektatzeko. Bada, aurkezpenean bertan, zuzenean konektatu da, telematikoki, Arabako Mendialdeko eta Enkarterriko Labean sareko espazioetako ordezkariekin.

Labean Espazioa

Abangoardiako lan-zentro hau Kuartangoko bainuetxe ohiaren eraikinean dago (Kuartago Lab). Une honetan, enpresa-zentro bat sortu da espazio horretan. Bertan, bi ekimen daude jada martxan, eta ekintzaile gehiago hartzeko prestatzen ari da gunea. Enpresen zentro horretan, coworking espazio bat diseinatu da, baita espazio hori erabiltzeko funtzionamendu-protokolo bat prestatu ere. Kuartangoko Udalak eta Labean Espazioan lan egin nahi duten pertsonek onartu beharko dituzten baldintzak zehazten dira bertan.

Eskualde honetako Labean programako talde dinamizatzailea HAZIk, Kuartangoko Udalak eta Añana LGEk osatzen dute gaur-gaurkoz. Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza da ekimen honen sustatzaile nagusia, eta haren helburua da Euskadiko landa-eremuetan garapen sozioekonomikoa bultzatzea, horretarako digitalizazioari eta digitalizatzeak lurraldeari ematen dizkion aukerei garrantzi handia ematen dien berrikuntza sozialeko programa bat baliatuta.