Arantxa Tapia Europako Funtsei buruz: “Ez da justua funtsak horrela banatzea, Erkidego bakoitzaren ahalmena eta baliabideak ezberdinak izanik”

0

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko “faktoria” saioan. Bertan, besteak beste, Europako Funtsen inguruan mintzatu da. Espainiako Gobernuak Erkidego Autonomo bakoitzak 1 eta 3 proiektu estrategiko aurkezteko eskaerari buruz, Tapia sailburuak esan du ez dela justua Erkidego guztiei berdina banatzea, bakoitzaren ahalmena eta baliabideak ezberdinak izanik. “Gure ahalmenak eta gure baliabideak kontutan izanda, banaketak beste bat izan beharko luke. Guztiok berdin tratatzen gaituzte eta guztiok ez gara berdinak. Bakoitzak bere beharrak ditu, bere ahalmenak ditu. Gure kasuan ahalmen industriala dugu eta baliabide horiek eraldaketarako erabiltzeko ahalmena handia da”, esan du.

Bestalde, Arantxa Tapia sailburuak parke eolikoen inguruan azaldu du, ingurumen ikuspegitik azterketa oso sakonak egin ondoren erabaki zela Labrazako eta Azazetako proiektu eolikoen izapidetzearekin jarraitzea, baina Arkamoko eta Iturrietako proiektuak bertan bera uztea ingurumenean izango luketen eragina dela eta. Hala ere, gaineratu du kokagune berriak aztertzen ari direla eta enpresa ezberdinen aldetik interesa ikusi dutela. “Tentuz eta sakon aztertu beharko dira energia ekoizpenaren eta ingurumenean izango lukeen eraginaren ikuspegitik iritsi daitezkeen proiektuak”, adierazi du.