Iñigo Urkullu lehendakaria ASPACE Gipuzkoaren 50. urteurrena dela-eta antolatutako ekitaldian izan da gaur goizean. Bertan, herritarren autonomia pertsonala sustatzearen alde egin du, «bizitza duina, osoa, kalitatezkoa eta ahalik eta independenteena izan dezaten saiatuz, beren eskubideak bermatuz», baita gizarteratzea eta laneratzea bultzatzearen alde ere, bizi-eredu independentea bermatuz. «Gizarte bat benetan oparoa da pertsona guztiek, baldintza berdinetan, hezkuntza, prestakuntza, lana, ondasun kulturalak edo aisialdikoak eskura ditzaketenean», adierazi du.
Lehendakariak, bere hitzaldian, erakunde hori osatzen duten familien eta profesionalen lana eskertu du, «ezer ez zatekeen posible izango zuen batasuna eta ahalegina gabe», eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialean duten eginkizuna azpimarratu du. «Harro egoteko moduko sektorea da», adierazi du. Gainera, Iñigo Urkulluk pandemian egindako lana goraipatu du, Elkarrizketa Zibilerako Mahaian lan eginez, zaintzaileentzako proiektuak, zentro sozialak, Xume bezalako etxebizitzak eta helduentzako eguneko zentroak martxan jarriz. Lehendakariak Aspacek lortutako aurrerapenak ere aipatu nahi izan ditu, hala nola ikusgarritasun soziala edo haurtzarotik helduarora bitarteko baliabide edo zerbitzuak. «Bizi-itxaropena handitzea eta pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea lortu duzue. Arreta eta ikerketa sustatu dituzue», gaineratu du.
Halaber, Urkullu lehendakariak azpimarratu du ASPACE Euskadiko eremu soziosanitarioko elkarte garrantzitsuenetako bat dela, «politika publikoetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen duena». Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak hil honetan bertan aurkeztuko den estrategia soziosanitario berri bat onartu duela azpimarratu du.
Tabakaleran egindako ekitaldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan dira, baita Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Maite Peña Gizarte politiketako diputatua ere.
ASPACE Gipuzkoaren 50. urteurrena
Aspaceren 50. urteurrenaren ospakizunari hasiera ematen dion Tabakalerako ekitaldia, askoren artean lehena da. Izan ere, urtean zehar programa zehaztuko da, Arrasaten eta Irunen egingo diren bi ekitaldi barne, eta ospakizuna Donostian egingo den elkarte-jai batekin itxiko da.
Ekitaldi instituzionalean, Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde horren 50 urteko ibilbidea partekatzeaz gain, kanpaina bat aurkeztu da. Kanpaina horren leloa ‘Elkarrekin gai gara’ da, eta urte osoan zehar ikusgai egongo da Aspace presente dagoen udalerrietan.
Gipuzkoan, garun-paralisia duten 472 pertsona artatzen ditu erakundeak, eta horretarako 340 profesional eta 126 boluntario ditu. Elkartearen 15 zentroen banaketa geografikoa lurraldeko 11 udalerritan banatzen da (Andoain, Arrasate, Beasain, Bergara, Eibar, Eskoriatza, Donostia, Irun, Tolosa, Urretxu eta Zarautz). Datozen hilabeteetarako aurreikusitako helburuen artean bat nabarmentzen da: bazkideen kopurua handitzea, gaur egun 1.500 bazkide baitira.