Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoaren osaera eta funtzionamendua arautuko ditu

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoaren osaera, antolaketa, funtzionamendua eta zereginak arautzen dituen dekretua.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak zehazten ditu euskal herri-administrazioetako hiru mailetako bakoitzari (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak) euskal kultura-ondarearen arloan dagozkion jarduketak. Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoa arduratzen da hiru administrazio-mailen arteko komunikazioaz, lankidetzaz eta laguntzaz, euskal kultura-ondarea babesteko sistema homogeneo bat lortzeko.

Honako hauek dira organoaren zereginak:

  • Euskal kultura-ondarearen babesari buruzko informazio-trukea eta elkarlana bultzatzea.
  • Irizpide bateratuak eta jarduketa-planak proposatzea, euskal kultura-ondarea zaintzeko, transmititzeko, bere balioa nabarmentzeko eta haren zabalkundea egiteko.
  • Euskal kultura-ondarea sustatzeko koordinazio-neurriak proposatzea.
  • Euskal kultura-ondarea babesteko eta kudeatzeko lanean inplikaturiko beste administrazioekin lankidetza eraginkorra bultzatzea, batez ere lurralde-antolamendu eta hirigintzarekin, etxebizitzarekin, industriarekin, ingurumenarekin, turismoarekin eta hezkuntzarekin.
  • Parte hartzeko mekanismoak antolatzea, herritarrek kultura-ondasunen babesa proposatu dezaten.
  • Kultura-ondasunen deskontaminazio bisual eta akustikorako plan bat egitea.
  • Euskal kultura-ondarea babesteko eta balioesteko hobekuntza-neurriak proposatzea, kontuan hartuta kultura-ondasun mota bakoitzaren berezitasunak eta indarrean dagoen araudian horretarako esleitutako eskumen-banaketa.
  • Jarduteko metodo eta protokoloen homogeneizazioa bultzatzea, Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoan ordezkatutako administrazio publikoen artean adostuta.
  • Kultura-ondarearen arloan erantzukizunak dituzten euskal administrazio publikoetako zerbitzuen arteko lankidetza-hitzarmenak bultzatzea. Nolanahi ere, eraginpeko administrazioek berretsi eta formalizatu beharko dituzte akordio horiek.
  • Kultura-ondareari buruzko informazio-eredu komun bat ezartzea zerbitzu guztietan.
  • Euskal kultura-ondarea babesteko lege-aurreproiektuei eta xedapen orokorren proiektuei buruzko informazioa izatea.
  • Koordinazio-estrategiak eta -proposamenak planteatzea euskal administrazio publikoen politika publiko sektorialen eremuan, euskal kultura-ondarea defendatzeak eta balioesteak horietan nolabaiteko eragina izan dezan.
  • Kultura-ondarea babesteari buruzko araudien (autonomikoak, foru-mailakoak eta tokikoak) gaineko informazioa jasotzea.

Euskal Kultura Ondarearen Erakunde arteko Organoak 12 kide izango ditu: Eusko Jaurlaritzako sei kide, foru aldundietako hiru ordezkari eta udalen beste hiru ordezkari. Gainera, Gobernu Kontseiluak gaur onartutako dekretua argitaratu eta hiru hilabeteko epean eratu beharko da.