Kultura eta Hizkuntza politika sailak antolatuta “Kudeaketa Aurreratua eta Hizkuntzen Kudeaketa. Integraziorako gida” aurkezteko eta enpresei hizkuntzen kudeaketarako estrategia lantzen laguntzeko prestakuntza-topaketa egin da, gaur, Donostiako Eureka Museoan.
“Kudeaketa Aurreratua eta Hizkuntzen Kudeaketa. Integraziorako gida” Euskalit Fundazioarekin elkarlanean landutakoa da, eta bertan, Kudeaketa Aurreratuaren ikuspegitik hizkuntzen kudeaketarako garrantzitsuak diren alderdiak enpresaren kudeaketa sisteman integratzeko bidea azaltzen da. Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko 2020-2023 planak zehazten duenez, euskara planak enpresetan garatzeko laguntzak eta programak indartzea da helburua. eta horretarako, beste zenbait ekimenen artean, enpresen kudeaketa sisteman hizkuntzen Hizkuntza kudeaketa integratzeko beharrari erantzutea eta jarraibideak zabaltzeko konpromisoa du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, beti ere, eremu sozioekonomikoko eragileak, euskaltzaleen elkarteak eta erakundeak (pribatu nahiz publikoak) elkarlanean aritu beharra azpimarratzen du planak.
Euskarak gizartean espazio berriak irabazteko asmoarekin egiten du bat gaurko topaketan aurkeztu den “Kudeaketa Aurreratua eta Hizkuntzen Kudeaketa. Integraziorako gidak”. Erakunde batean hizkuntzen garrantzia zein izan behar duen argitzen laguntzen du eta garrantzi hori epe luzerako helburu batean islatzea proposatzen du, gero epe labur eta ertainerako helburuetan hedatzeko, beti ere, planteamendu pedagogiko batekin eta hausnarketarako bide emanez. Hizkuntza integrazioan aurrera egiteko aholkuak ere ematen ditu gidak.
Izan ere, hizkuntzen kudeaketa enpresen kudeaketa sisteman integratzeak hainbat onura izan ditzake, besteak beste, emaitza onak eta iraunkorrak lortzeko, sistematikoki modu naturalean jarduteko, efizientziarako, sistema paraleloak saihesteko edo ikuspegi orokorra behar duten gai konplexuak modu planifikatuan kudeatzeko.
Prestakuntza saioa
Gaur Eureka Museoan egin den aurkezpenak eta prestakuntza saioak bost helburu nagusi ditu:
- Euskara eta gainerako hizkuntzak modu eraginkorrenean kudeatzea, emaitza onak eta iraunkorrak lortzeko.
- Kudeaketa sisteman hizkuntzen alderdiak duen integrazioaren inguruko hausnarketa egitea, gida erabiliz.
- Hausnarketa egiten laguntzea, kudeaketa elementuak azalduz eta zalantzak argituz.
- Enpresen arteko ezagutza eta praktika onak partekatzea.
- Kudeaketa aurreratuan sakontzea.
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eman dio hasiera gaurko saioari eta
berak azpimarratu duenez, “gida honek euskararen kudeaketa gainditzen du. Gida praktikoa izan nahi du hizkuntzen kudeaketa jarduera ekonomikoaren kudeaketa-sisteman sartzeko. Gurekin lankidetzan dabiltzan enpresentzat eta euskara kudeatzen duten edozein enpresarentzat, aurrerapausoak ematen laguntzeko diseinatua dago. Gure asmoa, gainera, prestakuntza hau datorren urtean izan ditzakegun interesdunei ere zabaltzea da (Lanhitz deialdian parte hartuko duten enpresak; euskara zerbitzuetako teknikariak; aholkularitza enpresak; eta abar).”
Donostiako topaketan hainbat enpresetako ordezkarik parte hartu dute; tartean, Ampo, Cicautxo, Irizar, Tecnalia, Vicomtech, Orona, Maier edo Spri. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru foru aldundietako arduradunek ere parte hartu dute prestakuntza saioan.
Donostiako Eureka Museoan egin den saioa lehenengoa izan da, baina saio honek jarraipena izango du. Beste bi prestakuntza saio ere egingo dira honen segida modura. Bata urriaren 14an eta bestea urriaren 9an.