Hiriek dituzten erronkak gero eta handiagoak direnez, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Nazioz azpiko hiri-agendak: maila anitzeko lankidetza areagotzeko tresnak (“Agendas urbanas subnacionales: herramientas para incrementar la colaboración multinivel”) jardunaldia antolatu du aste honetan Sevillan egingo den Espainiako Hiri Foroaren eta NBEaren Urri Hiritarraren barruan. Topaketan, hiri-agenda aitzindariei balioa eman zaie, eta hasitako ereduei buruz eztabaidatu da, hiriak eta herriak taxutzen aurrera egiten duten eragile ugariek helburu komunen alde modu lerrokatuan eta planifikatuan lan egin ahal izan dezaten.
Jardunaldiak erakutsi du hainbat erkidegotako gobernuak aurrera egiten ari direla arlo horretan, eta jardunaldian bertan hiri-arloaren, arlo naturalaren eta landa-arloaren arteko harreman berria eraikitzeko moduari buruz gogoeta egin da. Euskal Autonomia Erkidegoa —jardunaldiaren antolatzailea— erreferenteetako bat da ibilbide-orri horien sorreran, 2019an onartutako «Euskadiko Hiri Agenda – Bultzatu 2050» ekimenaren bitartez. Bertan, honako arlo hauetan erabakiak hartzeko ildo nagusiak jasotzen ditu: ingurumena, lurzoruaren erabilera jasangarria, hiri-habitata, energia, ekonomia, enplegua, mugikortasuna, garraioa, trantsizio digitala, osasuna eta gizarteratzea. Andaluziak ere osatu zuen bere hiri-agenda 2018an, eta Katalunia eta Valentziako Erkidegoa beren hiri-agendak prestatzen ari dira; Extremadurak, berriz, orain ekingo dio prozesu horri.
Mahai-inguruan erkidego horien guztien puntu bateratuei balioa eman zaie, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin eta Hiri Agenda Berriarekin lerrokatuta daudelako, baita Europako esparru estrategikoekin ere, hala nola Amsterdamgo Itunarekin edo Leipzigeko Gutunarekin. Halaber, gobernu horiek hasitako bide autonomiko bakoitzaren elementu bereizgarriak erakutsi dira, eta beste erakunde-maila batzuekin lankidetzan aritzeko tresnak aipatu dira, hala nola gobernu zentralarekin, aldundiekin eta udalekin; halaber, herritarrek parte hartzeko bideak ere ezarri dira agendetan proposatutako helburuak gauzatu ahal izateko.
Topaketa David Lucas Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioko idazkariaren hitzaldiarekin hasi da: “Estatuko hiri agendaren helburuak gauzatzea ezinezkoa da ez badago gobernantzan bitarteko eskalarik; ezin da erabakirik hartu Gobernuaren aldetik eta udaletatik autonomia-erkidegoak kontuan hartu gabe”.
Miguel de los Toyosek (Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordea) balioa eman dio «tresna horien izaera estrategikoari, lurralde, hiri eta herri bakoitzak aurrera egin dezan 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriko Helburuak lortze aldera, eta ibilbide hori herritarren, eragile pribatuen eta erakundeen artean egiteko, honako alderdi hauek jorratuz: hirigintza, klima-aldaketa, energia-efizientzia, mugikortasuna, osasuna, genero-ikuspegia eta abar».
Carmen Sanchez-Miranda NBE-Habitaten Espainiako bulegoko buruak ere hartu du parte ongietorri instituzionalean.
Extremadurako Juntako Nekazaritza, Landa Garapen, Biztanleria eta Lurralde kontseilari Begoña García Bernalek, bere aldetik, une honetan jorratzen ari diren prozesua azaldu du, hiri agenda garatzeko sortu duten legearen inguruko arauak aprobatzeko hiri agendak sortzeko modu desberdin honetan aurrera egiteko, “betiere erronka demografikoa eta landa-garapena erdigunean izanda”, azpimarratu du.
Valentziako Generalitateko Lurralde Politika, Hirigintza eta Paisaiako idazkari Inmaculada Orozcok, pandemiak hiri-agendaren prozesua moteldu duela agerian utzi du, baina egoera horrek funtsezko zenbait gai birpentsatu ahal izateko aukeran bilakatu dela azaldu du, testuinguru berria kontuan hartuta.
Kataluniako Generalitateko Nazio Digitalaren eta Hiri Agendaren zuzendari nagusi Maria Galindok adierazi du bere autonomia-erkidegoa aurrera doala hiri-agenda garatzeko prozesuan, lurralde osoan aukerak sortzen lagunduko duen tresna izan dadin. Galindok hiru erronka nabarmendu ditu: lurralde-eredua edo hiria bere ingurunearekin nola lotzen den, produkzio-eredua eta digitalizazioak dakartzan aukerak, eta gizarte-ongizatearen eredua, pertsona guztiei bizi-kalitate ona eta zerbitzuak eskuratzen laguntzeko.
Azkenik, Andaluziako Juntako Lurralde Antolamendu eta Hirigintza zuzendari nagusi María Carmen Compagni Moralesek nabarmendu du “herritarrak ardatz dituzten tresna malguak sortzeko beharra” dagoela, “arazoen diagnostiko zorrotza eginez”.