Donostia prestatzen hasi da neguko jai ezberdinak ospatzeko. Horrela iragarri du Eneko Goia alkateak behin ikusita Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera eta, ondorioz, indarrean zeuden hainbat neurri bertan behera utzi dituela. Hori dela-eta, Udalak erabaki du urtaro horretako kultur eta jai-jarduera ezberdin horiek ospatzeko behar diren lanekin hastea.
Horren harian, alkateak segidakoa esan du: “Guztiok batera galdutako normaltasuna berreskuratzeko lan egin behar dugu”.
Hortaz, Goiak adierazi du, neguko jai ezberdinak posible egiten duten eragileekin harremanetan jarri direla Udalaren borondatea adierazteko, hain zuzen ere, jai horiek guztiak ospatzeko erabakiaren berri emateko.
Udalak, beraz, lanak hasi ditu jai horiek ospatzeko, behin ekitaldi ezberdinak antolatzen dituzten hainbat eragileren iritziak entzunda, eta LABIren osasun larrialdiaren amaiera agintzeko erabakia ezagututa. Eta LABIren erabakiaren ondorioz, indarrean dauden neurri gehienak bertan behera geldituko dira, besteak beste, musukoaren erabilera leku publiko itxietan edota aglomerazioak daudenean izan ezik.
Uneoro dagokion osasun egoera kontuan hartuta
Ildo beretik, Goiak honakoa gaineratu du: “Une oro dagokion osasun egoera kontuan hartuko da. Izan ere, birusa ez da desagertu. Berarekin bizi beharko dugu eta horrek erabakiak hartzera behartuko gaitu”. Horrenbestez, Donostiako alkateak azpimarratu du, erabakia hartzeko unea dela, jai horien antolakuntzak zein jai horiek ospatu ahal izateko donostiar askok egiten duten lanak merezi duen errespetuagatik”.
Hori dela eta, alkateak baieztatu du, aurten San Tomas, Olentzero eta Mari Domingi, Errege Magoen kabalkada, Danborrada, Kaldereroak, Inudeak eta Artzainak, eta Inauteriak ospatuko direla, eta segidakoa gaineratu du: “Behin jaiak ospatzeko erabakia hartuta, beste fase bati ekingo diogu, alegia, nola ospatuko ditugun erabakitzeko faseari”.
Era berean, Eneko Goiak azpimarratu du, ospakizun horiek garrantzi handia dutela donostiarren artean: “Balio sinbolikoa, emozionala eta kolektiboa dute. Komunitatea egiten laguntzen duten jaiak dira, eta gauza guztien gainetik batzen gaituzten eta hiriko elkartek zein eragilek duten osasun ona azaltzen duten jaiak dira”. Horrenbestez, eskertu du eragile horiek guztiek egiten duten lana, baita baldintzei egokitzeko erakutsi duten gaitasuna ere: “Iaz argi izan genuen jaiak ez zirela ospatu behar. Orain egoerak onera egin du, eta argi dugu aurrerapausoak eman behar ditugula gutxinaka normaltasuna berreskuratzeko”.
Erakutsitako esperientzia
Donostiako alkateak, halaber, gogorarazi du, azken 18 hilabeteotan esperientzia irabazi dutela uneko egoerari egokitutako ekitaldi eta jarduera ezberdinak antolatzeko. Hori dela-eta, eskertu du Donostia Kulturak, Donostiako Festakek eta jarduera izaten lagundu duten eragile guztien lana.
Amaitzeko, Eneko Goiak honakoa esan du: “Donostiak erakutsi du gaitasuna duela edozein egoeratan ekitaldiak eta jarduerak antolatzeko. Unea da esperientzia hori guztia hartzeko eta hurrengo ekitaldi eta jaien antolakuntzara bideratzeko, Olentzero eta Mari Domingi, Meltxor, Gaspar eta Baltasarri harrera egiteko; Donostiako bandera Sarriegiren doinuekin berriro dantzan jartzeko; kalderero eta zingarek 50.urteurrena ospatzeko, eta inauterietako konpartsen soineko koloretsuak eta koreografiak ikusteko”.