Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntzako lurralde-ordezkaria Antzuola Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean izan dira gaur goizean, Antzuolan. Ikasturte berria hastearekin batera estreinatu zuten eraikin berria joan den irailaren 8an bertako haurrek. Lanak amaiturik, 1.109 metro karratu gehiago dituzte orain herriko hezkuntza-instalazioek. Bisitan parte-hartzaile izan da, era berean, Antzuolako alkate Beñar Kortabarria ere.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak gidaturik, bertatik beratara ezagutu ditu sailburuak handitze-lanekin sortu diren instalazio berriak, baita Antzuola HLHIn garatzen duten hezkuntza-proiektuaren ezaugarri nagusiak ere. Diziplinartekotasunean, inklusibitatean eta balioetan oinarritzen den hezkuntza ereduan, ikasleek eurek aukeratutako proiektuen bidez ikasten dute.
2021-2022 ikasturte honetan Haur eta Lehen Hezkuntzako 229 neska-mutilek (2 eta 12 urte bitartekoak) ikasten dute Antzuolako eskolan. Hezkuntzako 40 profesional inguru arduratzen dira horiei arreta emateaz.
Handitzeko eraikin berria
Antzuola Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea handitzeko eraikin berria lehengoaren ondoan jaso da (atzean), eta hego-mendebaldeko aldetik eraikin nagusi horrek osatzen zuen «C» forma itxi du.
Eraikuntza-bolumen berria hiru solairutan banatu da (beheko solairua + 2 goiko solairu). Beheko solairuak 4 metroko altuera du, eta jolas-patio estali gisa darabilte, solairuaren azalera osoan. Eraikuntza-soluzio honi esker, eraikin berria jasotzeak ez du ekarri jolas-patiorako behar den azaleraren galerarik.
Lehen eta bigarren solairuetan Lehen Hezkuntzako gela berriak daude (lau guztira); eta, horrez gain, ikastetxean lehendik zeuden zenbait espazio handitzeko aukera egon da. Gela berriak kanpora begira kokatu dira, hego-mendebalderantz, argi naturalaren bila; eraikin berri honetako korridoreak, berriz, gunearen barrualdera (patiora) begira gelditu dira, ipar-ekialdera. Korridore horiek eraikin nagusiaren jarraipena dira, eta bolumen berria aurrekoarekin komunikatzen dute.
Handitze-lanak burutu ondoren, Antzuola HLHIk honako espazio hauek irabazi ditu bertako eskola-komunitatearentzat:
- Lehen Hezkuntzako 4 gela arrunt
- Laguntza-gela bat
- Erabilera anitzeko gela bat, 100 m2-koa, bitan banatu daitekeena
- Lehendik zeuden jantokia eta officea handitu dira
- Ikasleentzako komunak, handitutako zatiko solairuetan
- Handitutako azalera eraikia: 1.109,43 m²
- Egindako inbertsioa: 1.572.990, 54 euro (BEZ barne)
Eraikin berriak beroa berreskuratzeko efizientzia handiko aireztapen mekanikoko sistema bat du. Era berean, aluminiozko leihoek —ganbera-beirak dituzte— isolamendu termikorik onena eta argiztapen naturaleko baldintzarik onenak bermatzen dituzte, emisibitate txikiko beirak erabiliz.