Urkulluk bat egin du mugikortasun iraunkorragoa lortzeko konpromiso pertsonalaren aldeko nazioarteko deiarekin

0
Fuente: Irekia.

Iñigo Urkullu lehendakaria Felipe VI.a erregeak ireki duen SUM Bio-21 Kongresuaren inaugurazio-saioan izan da. Bertan, bat egin du mugikortasun iraunkorraren aldeko nazioarteko deialdiarekin: Garraio kolektiboaren, Bizikletaren eta Oinez ibiltzearen aldeko konpromisoa berresten dugu. Hala, gizarte osoari eskatu dio konpromiso hori hartzeko; izan ere, lehendakariaren ustez, “mugikortasun iraunkorraren erronka ere erabaki pertsonal batekin hasten da”.

Orain, osasun-larrialdi egoera atzean utzi eta etapa berri bati ekin zaionean, Lehendakariak pandemian ikasitako irakaspenak ekarri ditu gogora, bere ustez Kongresu honen helburuari aplikatzekoak direnak: “etorkizuneko mugikortasun iraunkorra eraikitzea”, partekatutako estrategia baten, lankidetza publiko-pribatuaren, konpromisoaren eta erantzukizun sozialaren bidez.

Euskadik mugikortasun iraunkorreko estrategia partekatu bat du, «Basque Green Deal» izenekoa. Estrategia horren helburua da Euskadi Europako Korridore Atlantikoaren funtsezko “katebegi” gisa kokatzea; klima-aldaketaren aurkako borrokan lagunduko duen garraio-sistema kolektiboa bultzatzea; eta garraio publiko integratu eta intermodalaren mapa amaitzea “Euskal Hirian”.

Ildo horretan, Lehendakariak Euskadin salgaien korridore atlantikoaren garapena bultzatzeko helburua nabarmendu du, bai eta euskal Y-a burutzeko helburua ere. “Berretsi egiten dut Jaurlaritzak eta euskal erakundeek hiriburuetarako sarbidean aurrera egiteko egin duten eskaintza, sinatutako akordioaren arabera, hiri-eraldaketan, ingurumen-integrazioan eta gizarte-kohesioan benetan lagunduko duten eragiketei helduz”, esan du Urkulluk. Era berean, Lehendakariak nabarmendu du beharrezkoa dela euskal trenbideekin eta aireportuekin zerikusia duten gaien eta zerbitzuen transferentzia amaitzea, Gernikako Estatutua osorik betetzearekin bat etorriz. “Gure asmoa 2030erako euskal garraioaren mapa burutzea da, Garapen Jasangarriko Helburuei eta berotegi-efektuko gasen isurketa murrizteari lagunduz, horixe baita gure 10 herri-helburuetako bat”, adierazi du.

Azkenik, Lehendakariak azpimarratu duenez, 18 hilabete hauetan zehar, gehien kaltetutako sektoreei laguntzeaz gain, euskal industriari ere lagundu zaio, hil honetan bertan, energiaren, osasunaren industrien edo mugikortasunaren arloetan; izan ere, “industria-sektore horiek funtsezkoak dira Euskadiren etorkizunerako; lehentasun gisa hartzen dugun trantsizio teknologikoa eta digitala aplikatzeko; Euskadik pandemia osteko etapan ekonomia eta gizartea suspertzeko”.

Inaugurazio saioaren ondoren, agintariek energia berriztagarrien bi autobus, Bilbobusen autobus elektrikoa eta ALSAren hidrogenozko autobusa bisitatu dituzte.

Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian izan dira, halaber, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua, Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroa, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Denis Itxaso Gobernuaren ordezkaria, Juan Mª Aburto Bilboko alkatea eta Gorka Urtaran EUDELeko lehendakaria eta Gasteizko alkatea.

SUMBilbao21

Sum Bilbao 21 sektore publikoan eta pribatuan jarduteko eta erabakitzeko gaitasuna duten eragileen arteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzen dituen kongresua da. Kongresu honek balioan jartzen ditu enpresa-sareak hiri-mugikortasun jasangarriaren erronkei erantzuteko dituen gaitasun teknologikoei eta irtenbide berritzaileei, batez ere egungo larrialdi klimatikoaren eta pandemiaren testuinguruan.

Bigarren edizio honetan, SUM Bilbaok hiriek mugikortasun iraunkorragoa sendotzeko dituzten erronka eta aukera nagusiak jorratzen ditu. Irtenbide berritzaileak aurkeztuko dira, hiri-mugikortasun iraunkorreko kate osoko eragileek aurrera egin ahal izan dezaten, energia-horniduratik hasi eta pertsonen joan-etorrietara. Kongresuak hiru ardatz nagusi ditu: Trantsizio energetikoa; Gobernantza eta finantzaketa; eta Mugikortasuna, digitalizazioa eta berrikuntza.