Osasun sailburuak «erantzukizunez» jokatzen jarraitzeko eskatu dio euskal gizarteari

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskadiko Osasun Larrialdiaren amaiera iragarri eta biharamunean, Osasun sailburuak euskal gizarteari erantzukizunez eta elkartasunez jokatzen jarraitzeko eskatu dio, «Birusarekin bizitzen ikasi behar baitugu».

Debagoieneko Ospitalearen handitzea aurkezteko Gipuzkoan emandako prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui sailburuak gogorarazi du pandemia ez dela amaitu. «Atzo normaltasun berrirako urratsa eman genuen», eta eskatzen den ahalegina, sailburuaren hitzetan, maskara erabiltzea, jendetza handiak saihestea, eskuen higienea edo espazio itxien aireztapena da.

«Asko lortu dugu eta aurrera egiten jarraituko dugula bermatu behar dugu», ziurtatu du Gotzone Sagarduik.

Sailburuak zehaztu du Osasun Sailak eta Osakidetzak lanean jarraituko dutela birusa garaiz detektatzeko proba diagnostikoak egiteko, eta txertoa jartzen jarraituko dutela. Ildo horretan, oraindik txertatu ez direnei dei egin die berriro anima daitezen.

COVID-19aren hirugarren dosiari dagokionez, sailburuak Osasun Publikoaren Batzordean hartutako erabakiak azaldu ditu: adostu zena izan zen txertoa jarri beharreko xede-populazioa instituzionalizatu gabeko 70 urtetik gorako pertsonena izango zela; eta hasiera-datari dagokionez, autonomia-erkidego bakoitzak txertaketa hori kudeatzeko data eta modua baloratu ahal izatea ezarri zen. Hala, ziurtatu du Osakidetza prest eta gaituta dagoela hura emateko. Txertoen Aholku Batzordearekin, Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin eta Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzarekin balorazio bat egingo dela adierazi du, zer baldintzatan egin erabakitzeko.

Hezkuntzako COVID-19 protokoloei buruz galdetuta, sailburuak esan du egoerara egokituz joango direla, orain arte bezala. Egokitzapen horiek Osasun eta Hezkuntza sailek duten koordinazio-mahaian eztabaidatuko dira.