Osasuneko Sailburuak Arrasateko Debagoieneko Ospitalea handituko dutela iragarri du

0

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak, gaur, Debagoieneko ospitalean bertan, antzinako eraikina eraitsi eta aldameneko eraikina handitzeko 24 milioi euroko inbertsioa egingo dela iragarri du. Obra horien bidez, eguneko ospitale mediko-kirurgikoa handitu ahalko da, aparatu digestiboko unitate berria sortu endoskopien zerbitzuarekin, errehabilitazio-zerbitzu berria sortu eta ospitalearen barruan erresonantzia magnetikoaren areto bat sartu. Gainera, Arrasateko larrialdi-zerbitzurako oinarri berria egingo da, eta kanpo-kontsulten arloa handituko da.

Era berean, eraikin berriak lurpeko aparkalekuak izango ditu, eta, haietan, 100 plaza inguru egongo dira.  Behin-behinean, eraikuntza-lanek iraun bitartean, beste bi aparkaleku gaituko dira; haietako bat Arrasateko Udalak lagatako espazio batean.

Osasuneko Sailburuak azaldu du beste urrats bat gehiago dela, Osakidetzak eskaintzen duen asistentzia sanitarioaren hobekuntzan, Debagoieneko eskualdean eta Gipuzkoan, oro har. Osasun Sailak (Osakidetza) lurraldean datozen urteotan egingo duen inbertsio handiaren balioa nabarmendu du Gotzone Sagarduik; hala, bere Sailaren 2021-2024 Esparru Estrategikoan jasotzen den konpromisoari erantzungo zaio, Osakidetzaren zentro eta egiturak hobetu, modernizatu eta egokitu egingo baitira, hurbileko arretan, kalitatekoan eta pertsona guztientzako irisgarrian aurrera egiten jarraitzeko.

Gotzone Sagardui Sailburuak aipatu du obra horien bidez, asistentzia hobetzeaz gainera, hiri-ingurunea ere hobetuko dela eta herritarren irisgarritasunerako bide emango dutela.

Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak azpimarratu du Arrasaten eta Debagoiena eskualdeko biztanle guztientzako osasun zerbitzu publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde egindako apustuan aurrerapauso berri bat dela Eusko Jaurlaritzak burutu duena, Arrasateko Udalarekin lankidetza estuan: “are gehiago, Covid-19aren pandemiak inoiz baino argiago utzi du zerbitzu publikoen garrantzia. Sendo mantendu behar ditugu, azpiegitura egokiak eskaini eta gure langile publikoak zaindu. Profesionaltasuna da zerbitzua hobetzeko eta euskal gizartearen babesa izaten jarraitzeko gakoa. Azpiegitura berri hau martxan jartzea erronka handia da, baina baita onura nabarmena ere gure herritarrentzat”. Alkateak lankidetza estuan jarraitzeko borondatea eta egindako lanagatiko esker ona agertu dio Gotzone Sagardui Osasun Sailburuari.

Komunikabideen aurreko agerraldia egin aurretik, lan-bilera bat egin dute, ospitalean, eta, hartan, María Ubarretxena Arrasateko alkateak, Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiak, Nerea Urien Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko sailburuordeak eta Luisa Diez Debagoieneko ESIko zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu dute.

DEBAGOIENEKO OSPITALEA ETA PARKINA HANDITZEA

Antzinako eraikina eraisteko eta aldameneko eraikina handitzeko proiektua 2021eko amaieran hastea aurreikusten da, eta, gutxienez, lau urte iraungo dute obrek. Horretarako, 24 milioi euro bideratuko dira.

Eraikina handituz, eskualdeak eta Gipuzkoak dituzten beharrei erantzungo zaie, eta, horretarako, osasungintzako baliabide horri ospitaleko, lehen mailako arretako eta osasun mentaleko kontsulta gehiago eta larrialdietarako eremu bat gehituko zaizkio. 7.000 m2 izango dira: bi soto, beheko solairua eta lau garaiera.  Aparkalekua eraikin berriko bi sotoetan egongo da, eta 100 plaza izango ditu.

Debagoieneko ospitaleak osasungintza-zerbitzua 64.800 pertsonari eskaintzen diela gogorarazi behar da; pertsona horiek Bergara, Arrasate, Aretxabaleta, Elgeta, Angiozar, Antzuola, Oñati, Leintz-gatzaga, Eskoriatza eta Aramaioko bizilagunak dira.