ARGITARATU EGIN DA ETA INDARREAN SARTU OSASUNEKO SAILBURUAREN AGINDUA, COVID-19-A PREBENITZEKO NEURRI BERRIAK JASOTZEN DITUENA

0
PRUEBA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, gaur goizean, Osasuneko Sailburuaren 2021eko urriaren 6ko AGINDUA argitaratu da, Lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa.

Agindu horrek honako hauek ezartzen ditu: maskara erabiltzeak nahitaezkoa izaten jarraitzen du, 5.000 pertsona baino gehiagorentzako edukiera duten barruti itxietan gehieneko edukiera % 80koa izango da eta ezingo da elikagairik edo edaririk kontsumitu ekitaldietan, ez barrualdeetan ez kanpoaldeetan. Gainerako neurriak, ordutegiak, edukierak edo jardueren egituratzeak mugatzen dituztenak, ondoriorik gabe geratzen dira. Gainera, osasun-agintariek gomendatzen dute ohiko prebentzio-neurriekin jarraitzea, besteak beste: eskuak garbitzea, espazio itxiak aireztatzea eta jendetzak saihestea. (ikus neurrien laburpena jasotzen duen infografia).

Gainera, Osasun Sailak Osasun Publikoaren Gidalerroak bateratzen dituen dokumentua ere argitaratu du; dokumentua gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldi mota guztietako eta erabilera publikoko establezimenduetako prebentzio-protokoloei buruzkoa da, kontuan hartuta haietan gidalerro eta gida horiek bete behar direla.  Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aldian-aldian eguneratuko ditu jarraibide eta gida horiek, bilakaera epidemiologikoaren arabera.

Bestalde, Covid-19ari aurka egiteko neurriei buruzko ohiko galderen inguruko galde-erantzunen dokumentu berria prestatu da, Osasuneko Sailburuaren Agindua aplikatzeko esparruan.

Azkenik, bilakaera epidemiologikoa kontuan hartuta eta Euskadin osasun-larrialdiari amaiera eman ondoren, Osasun Sailak jakinarazi du ostiral honetatik aurrera eguneroko buletina bidaltzeari utziko diotela eta asteko buletina bidaliko dutela. Buletin hori astelehenetan bidaliko da, eta, hartan, orain arte bezala, honako datu hauek jasoko dira: asteko positibo-kopuru osoa, 14 eta 7 eguneko intzidentzia-tasa metatua, oinarrizko birsorkuntza-tasa, tasen arrazoia, plantan ospitaleratutako pertsona-kopurua edo Covid-19aren ondorioz hildakoen kopurua, besteak beste. Txertaketa-hedadurari buruzko informazioa ere astean behin emango da, aurrerantzean, eta hura ere astearteetan bidaliko da.