Kontsumobidek ehungintzako etiketak kontrolatzeko kanpaina hasi du

0

Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak ikuskapen-kanpaina bat hasi du ehungintzako jantzien etiketak kontrolatzeko, bai establezimendu fisikoetan, bai Interneteko dendetan. Kanpaina hau Estatuko eta gainerako autonomia-erkidegoetako gobernuekin koordinatuta egiten da.

Merkatuaren liberalizazioak eta oso prezio baxuko eskaintzak dituzten hirugarren herrialdeetako operadoreak sartu izanak alerta-egoeran jarri zituzten Estatuko ikuskaritzako eta merkatu-kontroleko zerbitzuak; hala, 2018an % 52ko ez-betetzea hauteman zuten ehungintzako etiketetan. Horren ondorioz, ikuskapen-kanpainekin jarraitu da, etiketetan aurkitutako irregulartasunek bere horretan jarraitzen duten edo konpontzen ari diren egiaztatzeko. Oraingo honetan, kanpaina zehatzailea da.

Etiketen sistemaren bidez handizkariek eta txikizkariek kontsumitzaileari bere eskubideak, segurtasuna eta merkatuko lehia leiala bermatzeko legeak eskatzen duen aurretiazko informazioa ematen diote.

Kanpaina hiru lurraldeetan egingo da, modu sekuentzialean, eta produktu bera ez da bi establezimendutan egiaztatuko. Establezimendu fisikoen kasuan, establezimendu horiek ausaz aukeratzen dira, baina denda birtualen kasuan, denda horiek zenbat erreklamazio jaso dituzten hartu da kontuan.

Kanpainaren helburu nagusia ez izan arren, honako alderdi hauek ere egiaztatuko dira: erosketa-tiketak entregatu direla, establezimenduek erreklamazio-orriak kontsumitzaileen eskura dituztela eta hori behar bezala iragartzen dela.